Frantziak Palestinako Estatua onartu du NBEn
New Yorken hasi den Palestinako Gatazkaren Konponbide Baketsurako Konferentziaren hasieran aitortu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ofizialki Estatu palestinarra. Frantziak eta Saudi Arabiak babestutako batzarra da, Nazio Batuen Erakundeak bihar abiatuko duen Batzar Orokorraren atarian.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Palestinako Estatua aitortzen duela iragarri du astelehen honetan, "bi estatuen (Israel eta Palestina) konponbidearen aldeko nazioarteko konferentzia" baten irekieran, NBEren egoitzan. Une horretan, Batzar Nagusiko aretoa txaloka lehertu da.
"Onarpen hau herri palestinarra ezeri inoiz agur esaten ez dion herria dela baieztatzeko da, Mahmud Darwish bezala (poeta palestinarrari erreferentzia eginez), sustrai historiko sendoak dituen eta duintasuna duen herria", esan du Frantziako presidenteak.
Hala ere, gogoratu du herri palestinarraren eskubide legitimoen onarpen honek ez diela ezer kentzen Israelgo herriaren eskubideei, “Frantziak hasiera-hasieratik babestu duenari”.
Era berean, azpimarratu duenez, "aitortza hau porrota da Hamasentzat, baita antisemitismoa sustatzen duten eta obsesio antisionistak elikatzen dituzten eta Israelgo Estatua suntsitzea nahi duten guztientzat ere".
Frantziak emandako pausoa oso garrantzitsua da hainbat arrazoirengatik: Frantziak Europako komunitate judu handiena du, Israelen aliatu leialenetako bat izan da historikoki, eta NBEko Segurtasun Kontseiluan eserleku iraunkorra du (eta ondorioz, beto eskubidea). Gainera, planetako ekonomia nagusietako bat da.
Macronek esan du bere herria prest dagoela Palestinan enbaxada bat martxan jartzeko, baina horretarako Hamasek bahitu guztiak aske uztea jo du ezinbesteko baldintzatzat.
Bestalde, jakinarazi du datozen orduotan beste bost herrialdek aitortuko dute Palestinako Estatua: Belgikak, Maltak, Luxenburgok, Andorrak eta San Marinok. Horiekin, denera 157 izango dira Estatu palestinarra onartzen duten NBEko kideak (193 kide dira denera).
Halere, aitortzen ez dutenen artean AEB, Alemania, Japonia edota Herbehereak bezalako herrialde pisutsuak daude. Horiek diote Israelekin adostuta egin behar dela aitortza.