Israelek "ia egunero" urratzen du Libanoko su-etena, NBEk ohartarazi duenez
Israelgo Defentsak 500 aire-eraso baino gehiago egin ditu su-etena indarrean sartu zenetik, Hezbollahren kontra izan direla argudiatuta. Nazio Batuen Erakundeak 108 zibil hil direla egiaztatu du, 37 emakume eta haur tartean.
NBEko aditu talde bat atsekabetuta agertu da ostiral honetan Israelek Libanoren aurka "ia egunero" egiten dituen bonbardaketen eta droneak erabiliz egiten dituen erasoen aurrean, 2024ko azaroan bi herrialdeek su-etena sinatu zuten arren.
Su-etana indarrean sartu zenetik, Israelgo Defentsa Indarrek 500 aire-eraso baino gehiago egin dituzte inguruan, Hezbollahren kontra zirela argudiatuta. "Israelek behin eta berriz egindako erasoek eta Libanoko lurraldearen okupazio partzialak eskolak, osasun zentroak eta gurtzarako lekuak jo dituzte, eta zibilei ohiko bizitza berreskuratzea eragotzi diete", salatu du aditu taldeak.
Horren aurrean, Libanon 108 zibil hil direla egiaztatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak, 37 emakume eta haur tartean. Gainera, adituek ohartarazi dute Israelen jokabidea Libanoko agintarien ahaleginen aurka doala, Libanoko talde armatu guztien armagabetzea gerta dadin.
Giza eskubideetan adituak ere kezkatuta agertu dira Israelgo Gobernuaren erantzun eta lankidetza faltagatik eta "nazioarteko zuzenbidearekiko etengabeko mespretxuagatik", Libano hegoaldetik erretiratzeko borondatean "oso gutxi" egin baitu aurrera.
80.000 pertsonak baino gehiagok jarraitzen dute Libanon, etxera itzultzeko aukerarik gabe, eta Israelgo iparraldean 30.000 pertsona daude.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango