"Su-etena berriro indarrean" jarri duela ziurtatu du Israelek, igande honetako bonbardaketen ostean
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "helburu terroristen aurka gogor" ekiteko eskatu dio Armadari, Rafahn izan den gertakizun batean bi soldatu galdu ostean. Gutxienez 36 lagun hil dituzte eta laguntza humanitarioa Gazara sartzea debekatu dute. Hamasek su-etena betetzen ari dela defendatu du eta beste gorpu bat aurkitu dutela iragarri du.
Aire-erasoak Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE.
Israelgo Armada Gazan "su-etena aplikatzen hasi da berriro" gaur gauean, egunean zehar Gazako zerrenda osoan hainbat bonbardaketa egin ostean. Goizean bi soldadu galdu ditu Rafahn izan den gertakari batean eta horri erantzunez egin ditu erasoak.
Komunikatu labur batean, Armadak azaldu du Israelgo Gobernuaren aginduei jarraitu diela, eta gaineratu du "su-eten akordioa aplikatzen jarraituko duela baina edozein urraketari irmo erantzungo diola".
Benjamin Netanyahu lehen ministroak Gazako "helburu terroristak" berriz bonbardatzeko agindua eman du goizean, Rafah hirian ustez miliziano gazatarren eta tropa israeldarren artean tiroketa izan ondoren. Agindu hori jaso ostean, Israelgo Armadak hainbat aire-eraso egin ditu, eta gutxienez 36 pertsona hil ditu Gazako hainbat eremutan, Palestinako ospitaleetako iturriek jakitera eman dutenez.
20:30ak arte (17:30 GMT) Gazako ospitaleetako gorputegietako datuekin egindako zenbaketaren arabera, hildako gehienak, 30 guztira, Al Awda eta Al Aqsako Martiriak ospitaleetara eraman dituzte. Beste hiru Shifa ospitalera (iparraldean) eta beste hiru Nasserrera (hegoaldean).
Hildakoen artean haurrak eta emakumeak daude, baita Al Jazeera bezalako nazioarteko hedabideetarako zuzeneko emanaldiak egiten zituen ekoiztetxe bateko talde bat ere.
Bonbardaketa horiek Rafahn (Gazako hegoaldea) gertatu den tiroketa bati Israelek emandako erantzuna izan dira.
Izan ere, bi militar israeldar hil eta beste hiru zauritu dira milizia palestinarren eraso batean, Israelgo Indar Armatuek ohar baten bidez zabaldu dutenez.
"26 urteko Yaniv Kula eta 21 urteko Itay Yavetz hil dituzten gertakarian, FDIen Gazako dibisioko soldadu erreserbista bat larri zauritu dute. Soldadua ospitale batera eraman dute arreta medikoa jasotzeko, eta haren familiari jakinarazi zaio", zabaldu du Armadak ohar batean.
Gertakaria 10:30 aldera izan da, Rafako hego-ekialdean, Saladinoko errepidetik gertu eta Lerro Horiaren ekialdean, su-eten akordioan aurreikusitako Israelgo indarren kontrolpean dagoen erretiratze lerroan.
Militarrek zabaldu dutenez, miliziano talde bat tunel batetik atera eta RPG bonbak jaurti dituzte hondeamakina baten aurka, eta bi soldadu hil dituzte. Frankotiratzaileek beste hondeamakina bat jo dute eta beste bi militar zauritu dira, horietako bat larri. Handik gutxira, frankotiratzaileek hirugarren militar bat jo dute.
Hamasek eta Al Qasam Brigadak (Hamaseko talde armatua) esan dute ez dutela inolako zerikusirik gertatuarekin. Gazako Zerrendako eremu guztietan su-etenarekiko "konpromiso osoa" dutela adierazi, eta ez dutela liskar horiekin zerikusirik izan nabarmendu dute.
Aitzitik, Hamasek salatu du Israel dela su-etena "nahita" urratzen ari dena, eta gogorarazi du urriaren 10ean su-etena indarrean sartu zenetik 46 pertsona hil eta 132 zauritu dituztela Israelgo tropek.
Israelek dio su-etenak indarrean jarraitzen duela, baina bere tropak babes daitezkeela
Israelek su-eten akordioa ez betetzea leporatzen dio Hamas talde palestinarrari, eta Israelgo Armadak Hamasen aurka "gogor erantzungo" duela adierazi du.
Avichay Adraee Israelgo Armadako arabierazko bozeramaileak euren tropek kontrolatzen duten Gazako eremuan ez sartzeko esan die gazatarreie eta bertan egon daitezkeenei berehala alde egiteko eskatu die, su-etenaren "marra horiaren" mendebaldeko eremua "borroka eremu oso arriskutsua" delako.
Shosh Bedrosian Israelgo Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, duela bederatzi egun indarrean sartu zen su-etenak indarrean jarraitzen du, baina bere tropei "babesteko baimena" eman zaiela gaineratu du.
"Gaur egun su-eten batean gaude, baina soldaduei euren burua babesten uzten diegu", esan du prentsaurreko birtual batean, Rafahn gertatuaz galdetuta.
Urriaren 10ean sinatu zen "akordioaren zatia mantendu" duela Israelek esan du, eta nabarmendu du Hamasek "bitartekariekin duen konpromisoari eusteko" betebeharra duela, "Donald Trump presidentea barne, eta falta diren bahituak itzultzeko betebeharra" duela.
Hamasek adierazi du ahal duten guztia egiten ari direla hondakinen azpian lurperatutako gorpuak berreskuratzeko.
Atzo gauean bi bahitu israeldarren gorpuzkiak entregatu zituzten, eta igande honetan Al Qasam Brigadek jakinarazi dute hildako bahitu israeldar baten gorpua aurkitu dutela, eta ohartarazi dute edozein eskalada militarrek hura entregatzea oztopatuko duela.
Laguntza humanitarioa zeramaten kamioiak Egiptora itzuli dira Israelek Rafahn egindako erasoaren ostean
Bestalde, elikagaiz, produktu medikoz eta higienerako produktuz betetako kamioi kopuru handi bat Egiptoren ondora itzuli da, Israelgo Armadak Rafah ingurua bonbardatu ostean, Egiptoko Ilargi Gorriko iturri batek jakinarazi duenez.
"Kamioi asko itzuli dira", adierazi du zehaztu gabe zenbat diren Egiptora itzuli diren ibilgailuak. 200 kamioik osatzen zuten konboia.
Rafahko mugako pasabideak itxita jarraitzen du eta Israelek esan du ez duela utziko laguntza humanitariorik sartzen, gaur gertatu denari erantzun gisa.
Zure interesekoa izan daiteke
Andy Burnham Erresuma Batuko Alderdi Laboristako buru izendatu dute, Starmerren ordez
Astelehenean hartuko du Erresuma Batuko lehen ministro kargua. Aurretik, ordea, Starmer Buckingham jauregira joango da, eta dimisioaren berri emango dio Karlos III.a erregeari.
Kanadako suteen keak AEBko hainbat hiri estali ditu
Kanadako baso-suteen ondoriozko ke-laino trinkoa iritsi da Estatu Batuetako iparraldera. Minnesota, Michigan, Ohio, Illinois eta New York estatuetan alertan daude airearen kutsaduragatik. Agintariek aire zabaleko jarduerak mugatzeko gomendatu dute, eta, kalera atera behar izanez gero, maskara erabiltzea. Ateak eta leihoak itxita edukitzea eta kaltetuen dauden eremuetan etxetik ez ateratzeko eskatu dute.
Trumpek zalantzan jarri du AEBko hauteskunde sistemaren zuzentasuna, eta Txinaren interferentziak salatu ditu
2020tik "inoizko hauteskunde-datu urraketarik handiena" izan zela eta Txinak 220 milioi boto-emaileren erregistroak "legez kanpo" eskuratu zituela frogatzen duten dokumentuak dituela ziurtatu du errepublikanoak. 2020ko hautesundeak galdu egin zituen Trumpek. Txinaren esanetan "erabat faltsuak" dira Trumpen akusazioak eta Txina "hauteskunde-kanpainako gai" gisa erabiltzea leporatu dio.
Iranek ohartarazi du Ekialde Hurbileko "azpiegitura guztiak" suntsituko dituela AEBk harenak erasotuz gero
AEBk hainbat egun daramatza Iranen aurkako erasoak egiten, elkar ulertzeko akordioa urratu izana egotzita. Teheranek, ordea, ukatu egin du akusazioa, su-etena behin eta berriz urratu dela salatu du, eta erasoekin erantzun du, AEBk eskualdean dituen interesen aurka.
Zelenskiren aurkako protesta ezohikoa Kieven
Zelenskik Defentsa ministro erreformazalea kargugabetu ostean piztu da protesta. Gobernuaren barruko tirabirek eta armadaren erreformen inguruko desadostasunek eragin dute krisia.
Mugarik Gabeko Medikuek Gazatik ebakuatutako paziente gehiago har ditzala eskatu diote EBri
Erakundeak salatu du EBko estatu kideek aurten ebakuatutako pertsonen %2 baino ez dituztela hartu. Horrekin batera, ohartarazi du 1.400 pertsona baino gehiago hil direla ebakuazioaren zain zeudela.
Iranek Ormuz itxi du eta Trumpek negoziazio-bideak bilatu nahi ditu
Testuinguru horretan, AEBk Iranen aurkako itsas setioa berrezarri du bart, eta laugarren egunez erasoak egiten jarraitu du. Trumpek Teheran itotzea du helburu eta Golkoan inbertsio akordio berriak egin nahi du.
Gibraltarren jada ez dago hesirik
Gauerdiaz geroztik Espainiatik Gibraltarrera eta Gibraltarretik Espainiara igaro daiteke pasaporterik aurkeztu beharrik gabe. Brexitaren ondoren Europar Batasunak eta Erresuma Batuak sinatutako ituna indarrean sartu da.
Tentsioa gora Persiar golkoan, AEBk Irani eraso egin eta Ormuzen itsas blokeoa berrezarri ondoren
Hirugarren egunez jarraian, AEBk eraso egin die helburu militarrei Iranen eta horrek, errepresalia gisa, base eta estatubatuarren kokalekuei eraso egin die Bahrainen eta Jordanian. Trumpek konpentsazioak eskatu dizkie golkoko herrialdeei emandako laguntzagatik, eta, bien bitartean, petrolioaren prezioa ekainaren erdialdeko balioetara igo da.
Sute batek Fontainebleauko baso ezagunaren zati bat kiskali du, eta litekeena da nahita piztutakoa izatea
Fontainebleauko basoan, Parisko hego-ekialdean, piztutako sute batek 800 hektarea inguru erre ditu dagoeneko, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak astelehen honetan adierazi duenez.