Alemaniako Parlamentuak argi berdea eman dio soldadutzaren lege berriari
Legearen zirriborroan jasotakoaren arabera, nahitaezko errekrutamendua aktibatuko da, egoerak hala eskatzen badu eta nahikoa boluntario erakartzea lortzen ez bada.
Europako herrialde bateko soldaduak. Argazkia: Europa Press
Alemaniak nahitaezko soldadutza onartu du gaur Behe Ganberan egindako bozketan, boluntario nahikorik ez dagoenerako. Ministroen Kontseiluak abuztuan onartu zuen lege-proiektua Bundestagera iritsi da orain.
Legearen zirriborroan jasotakoaren arabera, aktibatu egingo da derrigorrezko errekrutamendua, egoerak hala eskatzen badu. Kasu horretan, zozketa bidez egingo da aukeraketa. 2026tik aurrera, Alemaniako 18 urtetik gorako gazteek galdetegi bat jasoko dute, eta beren gaitasunei eta soldadutza egiteko duten prestutasunari buruz galdetuko diete. Gizonezkoek nahitaez bete beharko dute galdetegia, egin ezean, isuna jaso baitezakete.
Galdetegian soldadutzarekiko interesa adierazten dutenak ebaluatu egingo dira ondoren, beren buruko gaitasuna, gaitasun fisikoa eta izaera zehazteko. 2027ko uztailetik aurrera, 2008tik aurrera jaiotako gizon guztiek, zerbitzuan interesa agertu edo ez, nahitaezko azterketa medikoa egin beharko dute.
Neurria ez da herritar guztien gustukoa, eta manifestazioak eta protestak antolatu dituzte Alemaniako hainbat hiritan.
Soldadutza Europan
Neurri horrekin, Alemaniak bat egin du aurten soldadutza berrezarriko dutela iragarri duten herrialdeekin.
Kroaziak nahitaezko soldadutza berrezartzea onartu zuen urrian. Bi hilabete iraungo du, eta lehenengo soldaduak urte hasieran hasiko dira lanean.
Belgikak gutun bat bidali die 17 urteko 150.000 gazteri. Zerbitzu militarra egiteko gonbidapena egin die, eta hilean 2.000 euroko soldata agindu die.
Frantziak iragarri du zerbitzu militar boluntarioa eta ordaindua ezarriko duela berriro 2026ko udan.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango