Kolonbian ekintza militar estatubatuarraren "benetako mehatxua" dagoela ohartarazi du Petrok
Narkotrafikoari aurre egiteko herrialde horrek ez duela nahikoa egiten ohartarazi du berriki AEBko presidenteak, Venezuelari eraso egin ostean. Bi agintariek telefonoz hitz egin zuten asteazkenean.
AEBk Kolonbiaren aurka ekintza militar bat gauzatzeko "benetako mehatxua dago", Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen ustez. Hala adierazi du Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro atxilotu ostean.
Petrok dio AEBk beste herrialde batzuk "inperio" gisa tratatzen dituztela, eta lehen potentzia globalak "mundua menderatzetik, isolatuta geratzeko arriskua" duela.
Venezuelan esku hartu ostean, Donald Trump AEBko presidenteak esan zuen Kolonbiaren aurkako operazio militar batek "itxura ona" izango lukeela, eta Petrori ohartarazi zion erne egon beharko lukeela.
Bi agintariek telefonoz hitz egin zuten asteazkenean, eta, horren ostean, Etxe Zurian etorkizun hurbilean hartuko duela aurreratu zuen buruzagi errepublikanoak.
Petrok esan zuen dei horrek ordubete baino zertxobait gutxiago iraun zuela, eta Kolonbiako narkotrafikoari, Bogotak Venezuelari buruz zuen ikuspegiari eta Latinoamerikak AEBrekiko duen egoerari heldu ziela.
AEBko delinkuentziaren errua immigrazioari botatzen dio Trumpek. Hori dela eta, Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuaren (ICE, ingelesez) funtzioak handitu ditu, eta Kolonbia eta Venezuela bezalako herrialdeei narkotrafikoari aurre egiteko nahikoa ez egitea aurpegiratu die.
Asteazkenean, ICEko agente batek tiroz hil zuen Renee Good 37 urteko estatubatuarra, bere ibilgailua maniobratzen ari zela, Mineapolisen, funtzionario federal horien presentziaren aurkako protesta batean.
Petroren iritziz, ICE "ez da soilik latinoamerikarrak kaleetan jazartzen ari, eta hori guretzat iraingarria da. AEBko herritarrak ere hiltzen ditu".