Trumpek Mexikon lurreko erasoak iragarri ditu, droga kartelen aurka
AEBko presidentearen arabera, droga kartelak dira Mexiko herrialdea "gidatzen" ari direnak. Bestalde, Trumpek aurreratu du Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruarekin bilduko dela datorren astean.
Donald Trump AEBko presidentea, Fox News telebista kateari eskaini dion elkarrizketan. Argazkia: EFE
Venezuelaren aurkako erasoaren nahikoa ez eta orain Mexiko jarri du mehatxupean Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak. Mexikon lurreko erasoak iragarri ditu Trumpek, droga kartelen aurka.
"Droga kartelen aurkako lurreko erasoak egiten hasiko gara", nabarmendu du bart Trumpek Fox New telebista katean.
"(Droga) kartelak Mexiko gidatzen ari dira. Oso tristea da herrialde horretan gertatu dena ikustea. Baina Ameriketako Estatu Batuetan 250.000 eta 300.000 pertsona hiltzen dira urtero kartelek sartzen duten drogaren ondorioz", gaineratu du buruzagi errepublikanoak elkarrizketan.
Trumpek bigarren agintaldia hasi zuenetik, droga trafikoaren aurkako borroka areagotu du. Mexikori dagokionez, AEBko armada bidaltzea proposatu du narkotrafikoari kontra egiteko.
Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak Trumpen proposamena baztertu du, herrialde burujabea dela eta bakearen aldeko apustua egiten duela esanez.
Trump Venezuelako oposizioko buruarekin bilduko da
Trumpek bart elkarrizketa berean azaldu duenez, datorren astean Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruarekin bilduko da Ameriketako Estatu Batuetan, pasa den asteburuan Estatu Batuek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores emaztea atxilotu ostean.
"Datorren astean etorriko dela uste dut eta bera agurtzeko gogoz nago", azaldu du.
Presidente estatubatuarrak adierazi duenez, "ohore handia izango litzateke" Machadoren eskutik Nobel saria jasotzea, oposizioko kideak abenduan Oslon (Norvegia) jasotako saria partekatzeko prest egongo litzatekeela esan ostean.