Machado ezagutzea "ohore handia" dela esan du Trumpek, profil baxuko bilera baten ostean
Etxe Zurian ateak itxita egin duten batzarraren ondotik, Machadok Bakearen Nobel sariaren domina eman diola baieztatu du Trumpek sare sozialetan. Bestalde, bilera ondo joan dela nabarmendu du Machadok.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko buruak bilera egin dute, bart, Etxe Zurian.
Hala ere, profil baxuko itxura eman nahi izan diote Estatu Batuek.
Ateak itxita eta kamerarik gabe egin duten batzarraren ondotik, Machadok Bakearen Nobel sariaren domina eman diola baieztatu du Trumpek sare sozialetan. "Ohore handia izan da gaur Venezuelako Maria Corina Machado ezagutzea. Emakume zoragarria da", adierazi du.
Halaber, Machado eta biak agertzen diren argazkia argitaratu du Trumpek, baina Venezuelako oposizioaren burua aipatu gabe.
Machadoren arabera, berriz, bilera ondo joan da eta Trump Venezuelarengatik egiten ari denagatik eskaini dio Nobel Sariaren domina.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Machadok "egun historikoa" dela nabarmendu du. Halaber, "(Trump) Venezuelako preso politiko guztien askatasunarekin eta venezuelar guztien askatasunarekin konprometituta dago", gaineratu du.