Milaka lagun kalera atera dira Danimarkan eta Groenlandian Trumpen asmoen kontra protesta egiteko
Milaka pertsona bildu dira eguerdian Kopenhageko udaletxearen aurrean, eta protestak izan dira Aarhusen, Aalborgen, Odensen eta Koldingen. Arratsaldean beste manifestazio bat egin dute Groenlandiako hiriburuan, Nuuken.
Milaka pertsona kalera atera dira gaur Danimarkan eta Groenlandian, Donald Trump AEBko presidenteak uhartea bereganatzeko egin dituen mehatxuen aurka protesta egiteko.
Eguerdian, 15.000 pertsona bildu dira Kopenhageko udaletxearen aurrean. Sisse Marie Welling hiriburuko alkateak bertan esan duenez, "jendea ezin da erosi, munduko mapa ezin da nahieran aldatu, handi-mandien apetak gorabehera". Manifestazioa AEBko enbaxadaren aurrean bukatu da, "Groenlandia ez dago salgai" oihuen artean.
Danimarkan, Aarhus, Aalborg, Odense eta Kolding hirietan ere egin dituzte protestak.
"Trump kanpora", "Kendu zure eskuak Groenlandiatik" eta "Make America go away" (Egin dezagun AEBk alde egitea) leloak zituzten kartelak nonahi, adin guztietako pertsonak izan dira protestan.
Arratsaldean, Groenlandiako hiriburuan (Nuuk) egin dute protesta, herrialdearen historian jendetsuenetakoa. "Groenlandia ez ukitu" lelopean eta uharteko banderak eskuan, herritarrek Groenlandiaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute.
Groenlandiarrak, hunkituta eta beldurtuta
Danimarkan bizi diren groenlandiarren Uagut elkarteak deitu ditu protestak. Dena dela, hainbat eragileren babesa dute manifestazioek, besteak beste, Hands Off Kalaallit Nunaat eta Inuit elkarteena eta Mellemfolkeligt Samvirke gobernuz kanpoko erakundearena.
Deitzaileak pozik agertu dira jasotako babesarekin. "Ikaragarria da bildutako jendetza ikustea. Ezin diet malkoei eutsi", azaldu du hunkituta Julie Rademacher Uagut elkarteko bozeramaileak. "Azken gertaerek presiopean jarri dute Groenlandia, groenlandarrak eta daniarrak. Batuta egon behar dugu", ohartarazi du.
Kopenhageko manifestazioaren buru, Groenlandiako hainbat bizilagun joan dira, batzuk negar egiteko zorian, aitortu dutenez, "beldurra" sentitzen baitute. Diotenez, gero eta sarriago ikusten dituzte hegazkin militarrak uharteko zeruan.
AEBko legelari ordezkaritza bat Danimarkan dagoela baliatu nahi izan dute protestaren deitzaileek. Manifestazioak amaitu eta gutxira etorri da Trumpen iragarpena: muga-zergak ezarri dizkie Europako zortzi herrialderi Groenlandiara tropak bidaltzeagatik.