Minnesotako epaile batek ICEko agenteen jarduna mugatu du
ICEko agente batek tiroz emakume bat hil ondoren sortutako protestetan modu baketsuan parte hartzen duten manifestariak atxilotzea eta gas negar-eragilea erabiltzea debekatu die, besteak beste.
ICEko agenteak, Minnesotan atxiloketak egiten. Argazkia: EFE
Katherine Menendez Minnesotako epaile federalak Immigrazioa eta Aduanak Kontrolatzeko Zerbitzuko (ICE) agenteen jarduna mugatzeko agindua eman du ostiral honetan, eta ICEko agente batek tiroz emakume bat hil ostean izaten ari diren protestetan modu baketsuan parte hartzen ari diren manifestarien aurka gas negar-eragilea erabiltzea eta atxiloketak egitea debekatu die.
"Debekatu egiten zaie agente federalei (...): Protesta baketsuetan eta oztoporik egin gabe parte hartzen duten pertsonen aurkako errepresaliak hartzea, Metro Surge operazioaren jarduerak behatzea barne", dio magistratuaren autoak.
Era berean, epailearen aginduz, ICEko agenteek ezingo dute ibilgailurik gelditu gidariak edo bidaiariak atxilotzeko, "agente federalak oztopatzen ari direla pentsatzeko arrazoizko susmorik ez badago".
Agindua indarrean izango da 'Metro Surge' operazioa martxan dagoen bitartean. Joan den hilabetean abiatu zuten operazioa Minnesotan, Trumpen immigrazioaren aurkako politiken baitan, eta Jonathan Ross agenteak Renee Good hil ostean milaka pertsona kalera atera dira Poliziaren ekintzen aurka protesta egitera.
Minneapolisko Segurtasun Komunitarioko Bulegoak ostiral honetan zabaldu duenez , 2 haur (6 hilabeteko haurtxo bat barne) ospitaleratu zituzten asteazkeneko protestetan, agente federalek gas negar-eragileak jaurti ostean.
"Lekuko batzuen esanetan, agenteek atxiloketaik egiteko orduan eta ondoren erakutsitako jokabideak erasokorrak izan ziren, besteak beste hauek: (AEBko) herritarrak zirela jakin arren, atxilotu egingo zituztela mehatxatzea; gidariaren leihoak hausteko mehatxua egitea; lekukoei etxe kanpoan itxarotea; etxeraino edo ibilgailuak erregistratuta dauden norabidera jarraitzea; eta lekukoei non bizi diren badakitela esatea", adierazi du epaileak.
Bestalde, Donald Trump AEBko presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, Minnesotan ICEren operazioen aurka protesta egiteko kalera atera diren manifestariak "ondo ordaindutako iskanbila sortzaileak" dira, eta agenteen jarrera publikoki defendatu du.