Epsteinekin lotutako hiru milioi orrialde argitaratu ditu Trumpen Gobernuak, tartean 2.000 bideo eta 180.000 irudi
Epsteinen Artxiboen Gardentasun Legeak abenduaren 19a ezarri zuen New Yorkeko finantzarioarekin lotutako dokumentu guztiak argitaratzeko epe gisa, eta, beraz, Trumpen Administrazioak teknikoki legea urratu du.
Jeffrey Epstein pederasta eta milioiduna, eta Donald Trump AEBko presidentea, elkarrekin. Artxiboko argazkia: Europa Press
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Justizia Departamentuak Jeffrey Epstein pederasta eta milioidunarekin lotutako hiru milioi orrialde inguru eta milaka dokumentu argitaratuko ditu ostiral honetan.
Todd Blanche fiskal nagusiaren albokoak eman du erabaki horren berri, Donald Trump AEBko presidentearekin eta beste pertsona ezagun batzuekin (Bill Clinton presidente ohia, esaterako) kontaktua zuen hildako milioidunaren kasuarekin lotutako dokumentu guztiak argitaratzera behartzen duen legearen betebeharren ildotik.
"Hiru milioi orrialde baino gehiago argitaratuko ditugu, 2.000 bideo eta 180.000 irudi barne, eta horrek esan nahi du sailak hiru milioi eta erdi orrialde inguru prest dituela, legea betez", adierazi du Blanchek prentsaurrekoan.
Gobernuan eta Kongresuan hainbat hilabetez eztabaidatu ondoren iragarri dute argitalpena, Epsteinen kasuarekin lotutako xehetasunak eta izenak biltzen dituzten dokumentuak zabaltzeko "prozesua mantsoa eta opakua" izan dela iritzita.
Epsteinen Artxiboen Gardentasun Legeak abenduaren 19a ezarri zuen New Yorkeko finantzarioarekin lotutako dokumentu guztiak argitaratzeko epe gisa, eta, beraz, Trumpen Administrazioak teknikoki legea urratu du.
Blanchek onartu du "dokumentu batzuk" sekretupean mantenduko direla, baina betiere legeak ezarritakoaren arabera. Legeak biktimen informazio pertsonala eta pribatua erakusten duten dokumentuak isilpean gordetzeko aukera ematen du, baita haur-pornografiako irudiak, heriotza edo abusu fisikoa erakusten dutenak edo ikerketa judizial aktibo bati lotutako artxiboak ere.
Epstein adingabe batekin sexu-harremanak izateagatik ordaintzeagatik zigortu zuten, eta 2019an bere buruaz beste egin zuen espetxean, adingabeen trafikoko kargu larriagoengatik epaitzeko zain zela.