Zer eskatzen dute zehazki Frantziako institutu eta unibertsitateetako ikasleek?
Hezkuntzara bideratutako baliabideak indartzea eskatzen du ikasle mugimenduak. Irakasle falta eta unibertsitatera sartzeko arazoak salatzen dituzte, besteak beste. Frantziako institutuetan, 3.700 guztira, 2,2 milioi nerabe inguruk ikasten dute.
Bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen mobilizazioek aurrera jarraitzen dute Frantzian, ehunka mila pertsona kalera atera zituen manifestazioaren ondoren. Mugimenduak hezkuntzara bideratutako baliabideak indartzea eskatzen du, eta hainbat aldarrikapen plazaratu ditu. Irakasle falta eta unibertsitatera sartzeko arazoak salatzen dituzte, besteak beste. Frantziako institutuetan, 3.700 guztira, 2,2 milioi nerabe inguruk ikasten dute.
"Ezerk ez gaitu geldiaraziko, harik eta 10.000 milioi euro mahai gainean jarri arte", adierazi du Ryad Rani Bigarren Hezkuntzako Ikasleen Batasuneko presidenteak. Kopuru hori bat dator bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleek partekatutako plataforma batean argitaratutako "larrialdiko hamar neurriekin".
Hauek dira aldarrikapen nagusietako batzuk:
Finantzaketa eta pertsonal gehiago
Irakasleen eta administrazioko langileen kontratazio masiboa eskatzen dute. Hezkuntza Ministerioaren arabera, 2023an ikasle bakoitzeko batez besteko gastua 8.550 eurokoa izan zen bigarren hezkuntza publikoan eta itunpeko pribatuan. Hiriguneetan, Parisko eskualdean barne, ikasle bakoitzeko gastua estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da, eta ikastetxeek ikasle gehiago izan ohi dituzte; horrek langile eta ikasle kopuruaren arteko ratioa txikiagoa izatea dakar. Île-de-France eskualdean (Paris inguruan), gainera, irakasleek, esaterako, antzinatasun txikiagoa dute eta soldata baxuagoak jasotzen dituzte.
Irakasleen ordezkapenak bermatzea
Ikasturtearen hasieran, gutxienez irakasleetako bat falta zen ikastetxe eta institutu publikoen % 53tan, Snes-FSU sindikatuaren arabera. Ministerioak zabaldutako datuen arabera, 2024-2025 ikasturtean institutuko eskola-orduen % 10 ez zen eman. Ildo horretatik, Edouard Geffray ministroaren arabera, "estatistikoki ia ezinezkoa" da irakasleen hutsune guztiak erabat betetzea.
Ikasle gutxiago ikasgeletan
Institutuetako ikasle kopuruak 30era egin zuen gora, batez beste, iaz; 2010ean, berriz, 27koa zen. Geffrayk onartu du 2019ko hezkuntza-erreformaz geroztik zailtasunak daudela oraindik institutuak antolatzeko. Erreforma hark espezialitateen hautaketa eta ikasleak ikasgeletan eta ordutegietan banatzeko modua aldatu zituen, eta ikastetxe askoren antolaketa konplexuagoa bihurtu zuen.
Unibertsitatera sartzeko plataforma berrikustea
Mugimenduaren zati batek unibertsitatera sartzeko sistema, Parcoursup, kentzea edo erreformatzea eskatzen du. Plataforma hori ere 2019ko erreformaren baitan ezarri zen, eta ikasleek gardentasun falta eta hautaketa-ondorioak egotzi dizkiote; izan ere, ikastetxe jakin batzuetako ikasleen mesedetan jardungo lukeela salatzen dute. Uztailean, 130.000 ikasle inguruk oraindik ez zuten unibertsitateko plazarik lortu, plaza esleitzeko fase nagusia amaituta ere.
Instalazioak hobetzea
Ikastetxeetako eraikinak berritzea da ikasleen beste eskaeretako bat. Gobernuak azpimarratu du institutuak eskualdeen eskumenekoak direla, eta energia-eraginkortasuna hobetzeko 6.200 birgaitze-proiektu bultzatu direla nabarmendu du. Izan ere, azken urteetako bero-boladek agerian utzi dute ikastetxe asko ez daudela behar bezala egokituta klima-aldaketara.
Unibertsitateei dagokienez, institutuetako ikasleen mugimenduarekin beranduago egin dute. Ildo horretatik, hainbat elkartek ere Parcoursup eta Mon Master bidezko sarbide-mekanismoak aldatzea eskatzen dute. Mon Master Parcoursupen antzeko sistema da, baina masterretako ikasleak hautatzeko erabiltzen da. Horrez gain, unibertsitateetan beste 250.000 plaza sortzea eta baliabide gutxien dituzten ikasleentzako bekak hobetzea ere aldarrikatzen dute.