BAKEAREN NOBEL SARIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trump eta Netanyahu haserre, Pillayri Nobel saria eman ondoren

Bi agintariek argitalpenak egin dituzte sare sozialetan Nobel Batzordearen erabakia kritikatuz. Bereziki gogorra izan da Israelgo lehen ministroa, Batzordeak "iparrorratz morala galdu" duela esanez.

(Foto de ARCHIVO) Europa Press

Donald Trump Benjamin Netanyahu reunión septiembre 2025


Europa Press/Contacto/Joey Sussman

29/9/2025
Trump eta Netanyahu artxiboko irudi batean.

Bakearen Nobel saria Navanethem 'Navi' Pillay legelari hegoafrikarrari eman izanak Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa sumindu ditu. Bi agintariek kritika gogorrak egin dituzte sare sozialetan. AEBak urrunago joan da eta Pillayk lan egin zuen Nazioarteko Zigor Auzitegia zigortu du sariaren berri izan ondoren.

Donald Trumpek ez du zuzenean hitz egin Pillayren sariari buruz, baina erabakia gogor kritikatzen duen argitalpen bat partekatu du Truth Social sarean. Argitalpen horretan, Schoenlaw izeneko erabiltzaile batek dio saria presidentearentzat izan behar zela. Bere iritziz, Nobel Batzordea “erremediorik gabe desakreditatuta geratu da, eta garai bateko Bakearen Nobel Saria degradatu du”.

Trumpek askotan eskatu izan du saria berarentzat, zortzi gerra konpondu dituela argudiatuz. Joan den asteazkenean saria merezi zuela errepikatu zuen berriz ere, baina zalantzan jarri zuen saria emango ote zioten: "Ni bezalakoei ez ematearen ospea dute", adierazi zuen prentsaren aurrean Etxe Zuriko buelgoan egindako agerraldian.

Ostiral honetan, Norvegiako Batzordearen behin betiko erabakia ezagutu ostean, AEBko gobernuaren lehen erreakzioa Nazioarteko Zigor Gortea zigortzea izan da, Pillayk 2003 eta 2008 urteen artean epaile gisa jardun zuen erakundea. Marco Rubio Estatu idazkariak azaldu duenez, "euren herrialdea defendatzen duten militarrak, gure nazioa babesten duten mugako patruilako agenteak eta gure segurtasun nazionala bermatzen duten buruzagi hautetsiak" auzipetzea errefusatzen dute.

"Iparrorratz morala galdu du"

AEBren aliatua den Israelgo agintariak eta, zehazki, Bejamin Netanyahu lehen ministroa, izan da Zigor Auzitegiak ikertu duen liderretako bat, Gazan egindako gerra- eta gizateriaren aurkako krimenengatik. 2024an, Netanyahu eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman zuen.

Trump bezala, Netanyahu ere ez dago pozik Pillayri Bakearen Nobel saria eman izanaz; NBEn aritu zenean, Israelek Gazan genozidioa egin zuela ondorioztatu zuen ikerketa batzordeko buru izan baitzen. Hori dela eta, Israelgo lehen ministroak gogor kritikatu du Nobel Batzordea, "iparrorratz morala galdu" duela esanez. Bere bulegoak mezu gogor bat argitaratu du X sarean, eta esan du "Estatu judu bakarraren aurka odol libeloak asmatu eta zabaldu zituen fanatiko bati" eman diola sari nagusia.

Bakearen Nobel Saria Pillayri ematea kolpe latza da Trumpentzat eta Netanyahurentzat, gerra krimenen aurka lanean egindako ibilbide luzeak talka egiten duelako bi buruzagiek nazioarteko justiziaren eta Gazako gerraren inguruan duten jarrerarekin. Hain zuzen ere, Bakearen Nobel Batzordeak Pillayren “bakearen eta nazioarteko zuzenbidearen aldeko lana” nabarmendu du saria ematean.

Albistearen berri izan duenean, gerra-krimenetatik bizirik atera diren guztiei eta nazioarteko justiziaren defendatzaileei eskaini die saria epaileak. Jarraian, Trumpi sari fisikoa emateaz txantxetan aritu da, Maria Corina Machado iazko irabazleak egindakoari erreferentzia eginez. "Eskerrik asko, apur bat gehiago txalotzen badute, baliteke sari hau Trumpekin partekatzea", esan du Pillayk Alemanian egindako prentsaurreko batean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X