Abian da Frantziako hauteskundeen bigarren itzulirako kanpaina
Frantzian, ostiral honetan hasiko da ofizialki bigarren itzulirako hauteskunde kanpaina, igandeko lehen itzulitik etenik izan ez arren. Macron eta Le Pen hautagaiak mezuak indartzen ari dira apirilaren 24ko hitzorduari begira.
Marine Le Pen hautagai ultraeskuindarrak ekitaldia egin zuen Avignonen ostegun gauean; Jean-Luc Melenchonek irabazi zuen hirian, hain zuzen. Macronek Frantzia "banatu eta zauritu" duela esan zuen eta, haren arabera, Macroni botoa haren bozkari onurak atera dizkiotenek emango diote.
Emmanuel Macron liberalak, berriz, Marseillan egingo du ekitaldia larunbat honetan. Lehenago, ostiralean, Notre Dame katedrala berritzeko lanak bisitatu ditu, kiskali zenetik hiru urte bete diren egunean.
Nicolas Sarkozyren babesa jaso eta gero, beste presidente ohi batek ere egin du Macronen alde: hain zuzen ere, François Hollandek herritarrei eskatu die uneko presidenteari eman diezaiotela botoa.
Datorren asteazkenean izango dute bi hautagaiek aurrez aurreko eztabaida bakarra.
Ikasleen protestak
Testuinguru honetan, Sorbonan itxialdia egiten ari ziren ikasleek bukatutzat jo dute protesta, Frantziako polizia operazio bat prestatzen ari zela jakin dutenean.
Hauteskundeetako bigarren itzuliaren atarian, asteazkenean abiatu ziren protestak hainbat unibertsitatetan, "Ez Macron, ez Le Pen" lelopean. Sorbonako unibertsitatean, batik bat, gazte ugari batu ziren mobilizaziora, poliziari entzungor eginez.
Orain, protestak eten ondoren jakinarazi dutenez, asanblada bidez erabakiko dituzte hurrengo urratsak.
Momentuz, larunbatean eskuin muturraren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"