Asteazkeneko debatea erabakigarria izango da Macron eta Le Penen arteko lehian
Eliseorako bi hautagaiek, Emmanuel Macron Frantziako egungo presidenteak eta Marine Le Pen Elkarte Nazionaleko aurkariak, presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako azken txanpari ekingo diote aste honetan. Asteazkeneko telebistako eztabaida erabakigarria izan daiteke.
Macronek irabazi zuen lehen itzulia, eta oraingoan ere faboritoa da, baina distantziak ez dira gaindiezinak. Ipsosen igandeko inkesta baten arabera, adibidez, 11 puntu inguruko abantaila dauka.
Macronek profil baxua izan du hasierako bozketaren aurreko asteetan, baina bigarren fase honetan 2017an ere aurrean izan zuen aurkaria gogorrago kritikatu du. Helburua hautesleak mugiaraztea da, "eskuin muturraren mehatxuaren aurrean".
France Culture irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Macronek Le Pen Hungariako lehen ministro Viktor Orbanekin alderatu du, Konstituzioa edozein preziotan erreformatu nahi izatea leporatu dio eta herritarrengandik "ezkutatzen" dela ziurtatu du. Bera, ordea, ekitaldi publikoetan jendearengandik hurbil egoten saiatzen ari da.
Franceinfok kontsultatutako Elkarte Nazionaleko buruzagi batek onartu duenez, Le Penen helburua hautesleak "lasaitzea" da, eta horretarako funtsezkoa izango du telebistako aurrez aurreko debatea. "Bost urte daramatza prestatzen", esan dute ingurukoek.
Le Penek, izan ere, jarduera publikoa murriztu du aurreko egunetan. 2017an onartu zuen "akats estrategikoak" egin zituela eztabaidan, eta, Europe 1en arabera, orain hainbat simulazio egingo ditu.
Analisten ustez, parte-hartzea funtsezkoa izango da behin betiko bozketa honetan, baita Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoaren hautagaiaren alde bozkatu zutenen artean bi hautagaiek duten erakartzeko ahalmena ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"