Euskadik 17:00etara aurreratu du prezipitazio handiengatik ezarritako abisu horia
17:00etatik 24:00etara euri-jasa handiak eta kazkabarra botako ditu. Nafarroa ere alerta horian dago, ekaitzak joko duelako eta bero handia egingo duelako, Aemeten arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du astearteko 17:00etatik 24:00etara, ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago botatzeko arriskua baitago.
Aurreikuspenen arabera, zaparrada ertainak bota ditzake, trumoi eta guzti, eta baliteke zenbait lekutan zaparrada handiak botatzea, batez ere mendebaldean; izan ere, ordubetean metro koadroko 20 litro baino gehiago botako ditu.
Zaparradekin batera txingorra ere bota dezake, eta ez da baztertzen handia izatea (2-6 cm), eta haize-bolada bortitzak edo oso bortitzak espero dira (60-100 km/h-koak).
Bestalde, 12:00etatik 18:00etara, bero oso handia egingo duelako ezarritako abisu horiak indarrean jarraituko du.
Nafarroa ere alerta horian dago euria gogotik egingo duelako —15 litro orduko, eta ekaitzak ere jo dezake—, eta 36-37 graduko tenperatura maximoak izango direlako, Aemetek webgunean jakinarazi duenez.