Giro grisa, freskoa eta bustia udari agur esateko
Zaparrada ugari espero dira, eta askotan mardulak izango dira, isurialde atlantikoan gehienbat. Tenperaturari dagokionez, maximoak ez dira 18 ºC-tik gora pasatuko.
Euria. Argazkia: Jabier Landa
Udako eguraldiak azkena eman du. Larunbat arratsaldeko lehen orduan eguraldi aldaketa iritsi da Euskal Herriko bazter gehienetara. Goizeko eguzkia eta tenperatura beroak atzean utzi, eta prezipitazioak eta termometroen jaitsiera nabarmena heldu dira.
Igandean, eguraldiak udazkeneko itxurarekin jarraituko du. Maximoak asko jaitsiko dira, eta 15 eta 20 ºC artean geratuko dira; minimoak, berriz, bezperan baino hiruzpalau gradu baxuagoak izango dira. Zerua estalita egongo da eta zaparradak espero dira, isurialde atlantikoan sarriago, ekaitzarekin batera. Barnealdean, ipar-haizea ibiliko da, kostaldean mendebaldekoa edo ipar-mendebaldekoa, bolada oso gogor batzuekin egunaren bigarren partean, bereziki gauean.
Datorren asteari dagokionez, eguraldiak berdintsu jarraituko du lehen egunetan, eta, ondorioz, komeni izango da euritakoa eskura izatea.
Astelehenean, euri gutxiago egingo du hegoaldean. Iparraldean, zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu, batez ere kostaldean. Hegoaldean, aldiz, ostarteak zabalagoak izango dira eta giro eguzkitsua izango da hego-ekialdean; ateri eutsiko dio leku gehienetan, edo euri gutxi egingo du.
Mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean indartsu goizean, eta ipar-mendebaldekoa nagusituko da arratsaldean. Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango, baina minimoak baxuagoak izango dira.
Asteartean, haizeak ipar ipar-ekialdetik joko du eta euri gutxiago egingo du. Zerua aurreko egunetan baino garbiago egongo da, baina, hala ere, hodeiak agertuko dira tarteka eta zaparrada txikiak egingo ditu, batez ere egunaren lehenengo partean eta iparraldean. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero; eguzkitsuago egongo denez, zenbait lekutan tenperatura maximoak apur bat igo daitezke.
Asteazkenetik aurrera, atertzera eta epeltzera joko du, eta hori izango da hurrengo egunetarako joera.
Zure interesekoa izan daiteke
Eguzkia eta udaberriko giroa neguaren azken txanpan
Astearte honetan eta datozen egunetan tenperatura nahikotxo igoko da, hego haizeak lagunduta. Giro eguzkitsua espero da, hodei gutxi eta 25º inguruko tenperaturak kantauri isurialdean. Astebururako aldaketa dator, eta euri pixka bat egin lezake.
Udaberri giro beteko egunak
Ostarteak eta 20 gradutik gorako tenperaturak izango ditugu udaberriari hasiera emango dion astean. Astelehenen goiza, ostera, petral samarra izango da.
Elurra Euskal Herrira itzuli da udaberriaren atarian
Astebete baino ez da geratzen negua bukatzeko, baina oraindik ere hotza, euria eta toki garaienetan elurra egin du gaur. Iganderako ere, giro petrala espero da.
Eguraldi aldaketa arratsaldean: euria eta hotza datoz astebururako
Goiza argitsua eta epela izango da, baina aldaketa dator arratsalderako: ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, eta euria, tenperaturen jaitsiera eta neguko giroa ekarriko ditu astebururako.
Euri-aurreko azken izpien ondoren, negu-girokoa dator asteburua
Gaur eta bihar goizean eguraldi argitsua izango bada ere, ostiral arratsaldearekin batera euri-kontuak iritsiko dira eta larunbatean gailurrak zuritu ere egin litezke.
Ostarteak eta euria, astearen hasieran
Arratsaldetik aurrera hodeiak ugarituko dira eta euria egingo du. Asteartean, orduek aurrera egin ahala, hodeiak gutxitu eta ostarteak irekiko dira, eta arratsaldean zaparradak botatzeko arriskua txikiagoa izango da.
Aldakor eta nahasi dator astea
Astelehenetik asteazkenera euria egingo du tarteka. Ostegun eta ostiralean, berriz, eguzkia eta tenperatura goxoak izango dira nagusi. Asteburuan okertzera egingo du berriro, negu giroa itzuliko baita.
Abisu horia Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorrengatik
Abisua egun osoan izango da indarrean, 60 litro/m2 baino gehiago pila daitezkeelako. Zerua lainotuta egongo da eta euria izango da protagonista; zaparradak ugariak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea ibiliko da, bizi-bizi zenbait momentutan.
Euria bueltan da eta tenperaturek behera egingo dute
Giro nahasi eta ezegonkorra gutxienez asteburura arte mantenduko da.
Eguzkia nagusi asteazkenera arte; ostegunean, euria eta tenperaturek behera
Tenperaturak sasoi honetarako batezbestekoaren gainetik izango dira; kostaldean maximoak 20 ºC-ra irits daitezke.