40º C-tik gorako tenperaturekin abiatu da uda Euskal Herrian eta halaxe jarraituko du datozen egunotan
Iparraldean alarma gorripean daude dagoeneko. EAEn astelehenean aktibatuko dute alarma gorria 12:00etatik 20:00etara; gainera, Segurtasun Sailak LABIren Larrialdi Fasea (0 egoera) aktibatuko du astelehenean, 12:00etatik aurrera. Nafarroan abisu laranja izango da, gutxienez, astearte gauera arte.
Udan udako eguraldia egiteak ez luke albiste izan behar, baina bero boladak eta muturreko tenperaturek lehen lerrora ekarri dute eguraldia. Beroa beste hizpiderik ez da gaur Euskal Herri osoan; izan ere, toki askotan izan dira gaur 40 ºC-tik gora, eta gainerakoetan, iritsi ez badira, gertu geratu dira. Tenperaturarik altuena Bankan (Behe Nafarroa) erregistratu da, 42 ºC-ra iritsi da han termometroa, 41,7ºC-tara, berriz Iruritan, Baztanen.
Gaur alerta laranja egon da indarrean EAEn, tenperatura altuengatik. Sodupen 41,3 ºC neurtu dituzte, 40,8 ºC izan dituzte Zizurkilen, 40,6 ºC Lasarten, 40,5 ºC Gardean eta 40,2 ºC Zorrotzan. Bestalde, 38,6 ºC harrapatu dituzte Miramonen, eta 36,1 ºC, berriz, Abetxukun, batzuk aipatzearren.
Alarma gorria astelehenean EAEn
Egoerak, baina, okerrera egingo du, eta are egoera zailagoa izango da astelehenean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarriko du astelehenean EAE osoan muturreko beroagatik, termometroak 40 graduraino iritsiko baitira.
Alarma gorria (alerta maila gorena) eguerditik 20:00etara egongo da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Maximoak 37 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean; 40 gradukoak, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Arabako hegoaldean, eta 39koak, Arabako barnealdean.
Tenperatura minimoak ez dira 21 gradutik gorakoak izango kostaldean, ezta 20tik gorakoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 19tik gorakoak Arabako barnealdean eta 22tik gorakoak Arabako hegoaldean ere.
Gainera, abisu horia izango da indarrean, baso suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuak eta hegoaldeko haizea batuko baitira.
Alertaren aurrean, Segurtasun Sailak LABIren Larrialdi Fasea (0 egoera) aktibatuko du astelehenean, 12:00etatik aurrera. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak egoeraren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez.
EAEn 2023ko abuztuaren 23an ezarri zuten azkenekoz alarma gorria. 45,6 ºC neurtu zituzten egun hartan Sodupen, EAEn inoiz izan den erregistrorik altuena.
Asteartean, 12:00etatik gauerdira alerta laranja izango da indarrean, bero handia dela-eta, 35 eta 39 gradu arteko maximoak espero baitira, eremuaren arabera, eta 19 eta 22 gradu arteko minimoak.
Astelehenean bezala, abisu horia izango da basoan suteak izateko arriskuagatik.
Nafarroan, muturreko sute arriskua
Nafarroan ere egingo du bero handia, eta, hori dela eta, abisu laranja egongo da indarrean lurralde osoan, igandean hasi eta astearte iluntzera arte gutxienez. Erdialdean eta Erribera aldean, termometroak 40 graduren bueltan ibiliko dira, eta hortik gora ere helduko dira leku batzuetan.
Halaber, AEMET Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziak muturreko sute arriskua iragarri du, eta, badaezpada, nekazaritza-ustiategietan makineria ez erabiltzeko aholkatu du.
Aurreikuspenen arabera, asteazken goizaldetik aurrera hasiko dira tenperaturak jaisten, ez askorik hala ere.
Iparraldean, alerta gorria
Ipar Euskal Herrian ere beroa da protagonista gaur: Nabarrengosen (Biarno) 39,3 ºC harrapatu dituzte termometroek, eta 36,6 ºC Biarritzen. Ez du alferrik ezarri alerta gorria (abisu metereologikoen sisteman maila gorena) Meteo-Francek 16:00etatik gauerdira, eta bihar ere egun osoan egongo da indarrean.
Gainera, ekaitzak izateko arriskua handia izango da igandetik astelehenerako goizaldean, eta euri zaparrada eta haize ufada gogorrak espero dira hainbat lekutan.
Neurri zorrotzak ari dira hartzen Iparraldean bero bolada honen aurrean arriskuak saihesteko, eta Baionan, esaterako, 22 eskoletatik 11 (zaurgarrien izan daitezkeenak) itxi egingo dituzte astelehenean eta asteartean. Eskola orduetan, Jean-Dauger estadioan bilduko dituzte haurrak, berotik babesteko.
Hainbat igerilekutan, bestalde, sarrera doan izango da egunotan, beroari aurre egiteko behin-behineko neurri gisa.
Muturreko beroari aurre egiteko aholku sorta
Zure interesekoa izan daiteke
Eguraldi euritsua eta freskoa, ostiralean beroa itzuli aurretik
Ostegunean hodeiak eta prezipitazioak izango dira nagusi Euskal Herriko toki gehienetan, baina eguraldiak hobera egingo du apurka-apurka. Ostiralean tenperaturak gora egingo du nabarmen, eta asteburuan trumoi-zaparradak bota ditzake, arratsaldez.
Euria eta aro freskoa ostegunera arte
Giro ezegonkorra izango da datozen bi egunetan: euri txikia egingo du Kantauri isurialdean, trumoi-ekaitzak jo dezake barnealdean eta tenperatura maximoak jaitsi egingo dira.
Uztailak utzitakoak: 3,6 ºC beroagoa izan da eta muturreko lehortea ekarri du
Hilaren 5etik eta 12ra izandako bero-boladak markak hautsi zituen. 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren hainbat lekutan.
Astea freskotik hasiko da eta ekaitzak izan daitezke arratsaldean
Hodeiak ugarituz joango dira astelehenean, eta tenperaturak behera egingo du Euskal Herrian. Gainera, baliteke arratsaldean trumoi-zaparradak botatzea, batez ere ekialdean. Asteartean, eguraldi egonkorra eta beroa itzuliko dira.
Udako giroa protagonista igandean
Tenperaturek gorako bidea hartuko dute, eta 25 ºC-ren langa gaindituko dute kostaldean. Maximoak 30 graduren bueltan geratuko dira barnealdean, eta 35 ºC-tik gora lurraldearen hegoaldean. Hala, abisu horia ezarri dute Arabako Errioxan, Nafarroako erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan.
Casedan jo dute goia termometroek, 42,1 graduraino iritsi baitira
40 ºC inguruko tenperaturak izan dira gaur toki askotan. Nafarroan eta Araban alerta laranja dago ezarrita, beroagatik.
Bero sapa izango dute berriro Nafarroan, eta alerta laranja aktibatuko dute erdialdean eta Pirinioetan
Tenperatura maximoak 40 ºC-ren bueltan ibiliko dira: Erriberan (abisu horia) 41 ºC inguru izan daitezke, eta 39 ºC Iruñean eta Lizarran. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute Nafarroako erdialdean eta Pirinioetan.
Alerta laranja Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta abisu horia, Euskal Herriko gainerako tokietan, beroagatik
Bihar, alerta laranja mantenduko da Araban; Bizkaian eta Gipuzkoan, abisu horia egongo da indarrean. Nafarroan, berriz, abisua mailaz igo eta alerta laranja bihurtuko da, tenperaturek gora egingo baitute (39 ºC-ra hurbilduko dira).
Beroaldia indartsu itzuliko da Euskal Herrira
Tenperaturak nabarmen igoko dira astearen hasieran, eta 35-40 ºC-ra iritsiko dira asteartean eskualde askotan.
Abisu horia gauerdira arte, euri zaparrada handiengatik
19:30ak arteko datuan kontuan izanda, ordu bakar batean metro koadroko 27 litro bildu dituzte Guardian, 24 Berastegin, 18 Bidanian eta 14 Etxalarren.