Bizkaia normaltasunera itzultzen ari da euri jasa gogorren ostean, baina zaparradak espero dira oraindik
Bilbon, Zazpikaleetan, izan dira kalte gehien, eta horiek garbitzen eta zenbatzen ibili dira merkatari eta herritarrak. Horietako batzuek estolden mantentze lanen faltari egotzi diote gertatutakoa. Aburto alkatearen hitzetan, berriz, "arketa gehienak ondo zeuden, garbi".
Hodei eta prezipitazio hondarrekin esnatu gara, lurraldearen zati handi batean gau oso euritsua izan ondoren. Hala ere, goizean zehar, eguraldiak egonkortzeko joera hartu du, eta hodeiak eta ostarteak tartekatu dira.
Euriteek uholdeak eragin zituzten atzo Bilboko Zazpikaleetan eta Kale Nagusian, eta Leioan, berriz, Leioako tunelak itxi behar izan zituzten ur pilaketagatik. Prezipitazioek, gainera, zirkulazio arazoak eragin zituzten Bizkaiko hainbat tokitan.
Atzo arratsalde-gaueko ur zaparradek 200 intzidentzia eragin zituzten Bilbon. Igande honetan, aparteko zerbitzuak mobilizatuko dituzte dendariek kalera atera dituzten altzariak eta hondatutako tresnak biltzeko, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa gau osoan aritu dira lanean, bi kamioiren laguntzarekin, eta 200 gorabeheraren berri izan dute, batez ere 19:00ak eta 21:00ak bitartean euri asko egin zuelako, eta urak kaleak, dendak, atariak eta garajeak hartu zituelako.
Uholdeek eragindako kalteak zenbatzeko eta pilatutako ura ateratzeko eguna izan da gaurkoa. Dena dela, izan da gorabeherarik; izan ere, Zamudioko Atean ura ateratzeko lanetan erabiltzen ari ziren argindar sorgailu bat matxuratu da, eta inguruko hainbat kale argindar barik geratu dira. Hornidura berrezarri dute dagoeneko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur ziurtatu duenez, Zazpikaleetako "145 arketetatik gehienak ondo zeuden, garbi", eta egindako euri kopuru handiari egotzi dio gertatutakoa. Ezohiko egoera horri aurre egiteko, ura itsasadarrera isurtzea ebatzi zuen Udalak. "Oso gutxitan egiten dugu", erantsi du Aburtok.
Alkateak iragarri du astelehenean bulegoa irekiko dutela Zabalgunean, kaltetutako herritarrei laguntza emateko.
Iragarpena
Gaur, ostarte zabalak izango dira eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Ondoren, ez da baztertzen zaparrada puntualak botatzea, batez ere barnealdean, baina, oro har, ahulak izango dira.
Haizeak ekialdetik joko du, eta ipar-ekialdea nagusituko da arratsaldean. Tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC artekoak izango dira.
Astelehenean, eguraldia aldakorra izango da, tarteka hodeiak izango dira eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere goizaldean eta gauean.
Haizea hego-ekialdetik iritsiko da, eta tenperaturak gora egingo du goizean, maximoak igandean baino 3 edo 4 ºC altuagoak izango baitira. Arratsaldean, berriz, haizeak ipar-ekialdetik joko du kostaldean.
Asteartean, eguraldi aldakorrarekin jarraituko dugu. Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira egunean zehar, ostarte zabalagoak izango dira goizean eta eguerdi partean, eta hodei gehiago izango dira arratsaldean eta gauean.
Zaparrada gehiago bota ditzake orduan. Goizean, hegoaldeko haizea ibiliko da, eta iparraldera egingo du arratsaldean eta gauean.
Tenperaturak apur bat jaitsiko dira kostaldean, eta Euskadiko gainerako lekuetan ez da aldaketarik izango.