Alerta laranja asteazken eta ostegunean EAEn, 80 litrotik gora utz ditzaketen euri iraunkorrengatik
Abisu horia mantenduko da 4 metrotik gorako olatuengatik eta 100 km/h-ko haizeteengatik Kantauri isurialdean.
EFEren artxiboko argazkia.
(Albistea eguneratzen ari gara)
Asteazkenean negu giroa Euskal Herri barru-barruraino sartuko da. Tenperaturek nabarmen behera egingo dute eta haizea eta itsaso txarra ibiliko dira. Hala, meteorologia agentziek abisu horiak ezarriko dituzte asteazkenean olatuengatik, haizeagatik eta euriteengatik, batez ere Kantauri isurialdean eta euskal kostalde osoan.
Abisuak olatu handiengatik kostalde osoan
Euskadin, Segurtasun Sailak 09:00etatik aurrera abisu horia ezarriko du nabigaziorako arriskuagatik, eta egun osoan zehar egongo da indarrean. Arratsalderako 3,5 edo 4 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta 4,5 metrokoak ere izatera iritsiko dira 16:00-18:00 tartean.
Bestalde, Meteo-France Frantziako meteorologia agentziak Ipar Euskal Herriko kostalde osoan abisu horia aktibatuko du 02:00etatik 20:00etara, olatu handiak izango direlako, eta itsasgorarekin batera, 16:45 aldera, bost metro inguruko olatuak altxatuko ditu.
Haize-bolada zakarrak eta euri asko
Itsaso txarrari haizea gehituko zaio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizeak hego-mendebaldetik joko du lehenengo, eta eguerdi aldera ipar-mendebaldera egingo du 6-7 indarrarekin. Haizeari dagokion abisu hori eguerditik gauerdira arte egongo da indarrean, eta Kantauri isurialdeko haizeguneetan 100 km/h-ko ufadak izan litezke, batez ere kostaldean.
Gainera, Euskadin beste abisu hori bat ezarriko da prezipitazio iraunkorrengatik asteazkeneko 09:00etatik osteguneko ordu berera arte: izan ere, 60 litro baino gehiago pilatu daitezke metro koadroko. Toki batzuetan, zaparradak botako ditu, eta baliteke ekaitzak ere jotzea.
Nafarroan, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu horia ezarriko du euriagatik, 08:00etatik asteazken gauerdira arte.
Abisuak osteguneko lehen ordura arte mantenduko dira
Itsaso txarragatiko eta euriteengatiko abisuak ostegun goizaldera arte luzatuko dira Euskadin eta Nafarroan, eta goiz erditik aurrera egoera baretzen hasiko da. Ostiralerako aroa egonkortu egingo da.