Durangoko Azokaren online denda, gaurdanik kontsultagai
Durangoko Azokako salerosketak birtualak izango dira aurten, baina, hori gorabehera, eskaintza oparoa izango da beste urte batez, zailtasunak zailtasun, euskal kulturaren plazan. Gaurdanik bisitagai (erosketak egiteko abenduaren 4ra arte itxaron beharko da) egongo den webgunean 2.300 produktu baino gehiago eta 852 nobedade izango dira, klik bateko aldera.
Gainera, Durangon bertan 100 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira abenduaren 4tik 8ra, bertatik bertara zein online bidez jarraitu ahalko direnak.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak Landakon gaur kazetariei azaldu dienez, "erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da, abenduaren 4tik 8ra".
Webgunean 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...) erosi ahalko dira abenduaren 4tik aurrera.
Gaurtik aurrera, baina, katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian". Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saski" hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.
100 kultur ekitaldi Durangon
Dendaz haraindi, Durangon bertan 100 kultur ekitaldi izango dira, bi espaziotan: Landako Gunean eta Plateruenan.
Plateruenan diskoen aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10:30etik 21:00ak arte. Besteak beste, honako taldeak izango dira: Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara, Maria Rivero...
Landako Gunean, aldiz, gainerako jarduerak antolatuko dira. Goizeko lehen orduan, familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira, eta, ondoren, mahai inguruak. Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute: Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...
Ekitaldi horiek online jarraitu ahalko dira, baina bertatik bertara jarraitzeko aukera ere izango da, gaur egun Durangoko eta herrialde mugakideetako biztanleentzat. Gonbidapenak Azokaren webgunean eskatu beharko dituzte horiek.
Azoka, Durangotik kanpo ere
Durangotik kanpo ere jarduerak antolatuko ditu Durangoko Azokak aurten, "Zu non, han DA!" ekimenaren baitan. Euskal Herriko zortzi herritan (Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa) 32 musika talderen kontzertuak egongo dira. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko Euskal Museoko sarrera doakoa izango da abuztuaren 22tik 30era, Aste Nagusia dela eta
Bisitariek erakusketa erdi iraunkorra ikusi, Ra Asensiren "Uhinak" proposamen garaikidea ezagutu eta "Bilboko erraldoiak" erakusketa tradizionalaz gozatu ahal izango dute.
Juan Tamariz magoa hil da, 83 urte zituela
Mundu osoan zen ezaguna, kartomagian, hurbileko magian eta mentalismoan espezializatua zegoen, eta bere ikuskizunetan humorea erabiltzen zuen.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandez, Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen eguneko izar distiratsuenak
Alcalá Norte taldearen kontzertu ezustekoak eta Calvin Harris, FKA twigs eta Dani Fernandezen emanaldiek Bizkaiko hiriburuan hiru eguneko musikari hasiera eman diote. Milariek nazioarteko izenekin, tokiko talentuarekin eta Kobetamendiko publikoa harritu duen ezusteko emanaldi batekin gozatu dute.
Alex de la Iglesia animazioan murgilduko da, Lovecraft idazlearen obran inspiratuta
'Ages of Madness: The Howling of the Jinn' goiburua hartuko du pelikulak, eta 'Necronomicon' idazle estatubatuarraren fikzioko liburuan oinarrituko da. Garai eta toki ezberdinetan kokatutako hainbat istorio harilkatuko ditu.
Aurora Beltranek Vianako Printzea Kulturaren Saria jaso du
Aurora Beltran abeslari nafarrak jaso du gaur 2026ko Vianako Printzea Kulturaren Saria, Los Arcosen, "hegan egin nahi izan duten eta, agian, ezin izan duten edo utzi ez dieten emakume guztiei eskainita".
Sortzaile, ekoizle eta plataformak batuko ditu Podcast Geltokia jaialdiak
Ostegunetik, hilak 28, hasita, Tabakalera Donostiako zentroak Podcats Geltokia audioaren jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Hiru egunez, audioaren munduan lanean ari diren eragileak bilduko ditu Tabakalerak eta EITBk bultzatu duten topaguneak.
Iruñeko Katedralak Valentinoren 25 pieza ezezagun ditu ikusgai
'Indito Valentino' erakusketak diseinatzaile italiarraren goi-mailako 25 pieza ezezagun bildu ditu lehen aldiz Iruñeko Katedralean. Inoiz erakutsi ez den bilduma baten parte dira lanak, eta Valentinoren nortasun-ezaugarri ezagunenetako batzuk erakusten dituzte eta erakusketa ekainaren 21era arte egongo da ikusgai.
GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, "RESET" lelopean
20 urte beteko dituen honetan, GetxoPhoto jaialdia ostegunean hasiko da, ekainaren 21era arte, "RESET" izenburupean. Antolatu dituzten 23 erakusketetatik laurdena baino gehiago Punta Begoñan egongo dira. Ereagako pasealekua eta Algortako merkatua izango dira beste bi gune garrantzitsuak, eta azken horretan egingo dute urtebetetze festa. 233 argazki, 44 herrialde eta sistema berrabiarazteko gonbita edizio honetan.