Soinu ilunetan barneratzeko bi bide, Donostian zuzenean
Doinu elektronikoak eta gitarrarako moldaketa soilak erabilita, batzuek, eta postrockaren bidetik, intentsitateekin jolasean, besteek, Lumiren eta Orbelen doinu sakonek helmuga bertsua dute, horra iristeko bide arras ezberdinak proposatuagatik.
Bi taldeok iaz kaleratutako diskoak aurkeztuko dituzte Kutxa Kultur Donostiako Tabakaleran dagoen aretoan ostiralean, urtarrilak 17. Lumi bikoak (Nahia Zubeldia eta Manu Matthys) Itzal zikinak diskoa atera zuen 2019ko irailean, erritmo eta doinu elektronikoak, gitarra zipriztinak eta Zubeldiaren ahots xuxurlaria uztartuz (doinu natural eta sintetikoak batzen barik, “nahasten” saiatu dira diskoan), entzulea, arrazoitik at, arau zurrunik gabeko mundu lakar eta durduzagarrian barneratzen duen kantu sorta.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Orbelen doinuek ere xede hipnotikoa dute, Hegan diskoa zabaltzen duen “Etxe herdoilduak” kantuaren hasierako teklatu doinuek, sirenen kanta eztia balira gisa, iragartzen dutenez. Baionar laukotearen proposamena gitarrek eta teklatuek gidatzen dute nagusiki, postrockaren lurretan barrena, baita hutsune batek ere: bateria erabiltzeari uko egin diote. Horrela, orbeldarrek intentsitateetan gora eta behera mugitzen dute entzulea, betiere aitzigaitz, sasi guztien gainetik.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Bi taldeokin hitz egin dugu.
Lumi: “Besteak hunkitzeko, ezinbestekoa da guhauren musikak gu ere eramatea”
Esperimentatzea maite duzuen taldea zarete. Hilabete batzuk pasatuta, nola ikusten duzue diskoa orain? Zuen musika berriz entzuten duzue?
Noizean behin entzuten dugu, bai, eta aski berriki atera denez, oraindik poza ematen digute kasik kantu guziek. Ea noiz arte! Eta kontent uzten ez gaituzten gauzek ere balio dute, hurrengo diskorako norabideak ematen baitizkigute.
Kostatu zaizue kantuen behin betiko bertsioak, diskoan betikotutakoak, zehaztea. Tartetik uzten diozue inprobisazioari?
Zuzenekoetako eta diskoko bertsioak ez dira arras berdinak. Inprobisatzeko toki gehiago uzten digute, eta gerora are gehiago sakondu nahi dugu bide hori.
Arreta emozioan jartzen duzue musika sortzeko orduan. Zuzenekoetan, nola bilatzen duzue ikuslea hunkitzea?
Zaila da norbere burua deskribatzea. Ez dugu kontzienteki erabakitzen zein bide hautatu entzulea hunkitzeko. Konposatzeko orduan, pistak nahastea maite dugu, gitarrari eta ahotsari kutsu elektronikoak eman, eta sintetizadoreei soinu organikoak ematea, adibidez.
Gero, zuzenekoa hunkigarria izateko, kantuak ongi prestatzea funtsezkoa da, guri ere xehetasun teknikoetatik atera eta emozioan osoki sartzeko parada ematen baitigu. Besteak hunkitzeko, ezinbestekoa baita guhauren musikak gu ere eramatea.

Manu Matthys eta Nahia Zubeldia, Lumi. Argazkia: Laurence Revol.
Ezagutzen duzue Orbelen lana? Zer iruditzen zaizue?
Bai, biziki maite dugu Orbelen lana. Musika interesgarria sortzen dute, hautsi-mautsirik gabea, ausarta. Soinuen testurak eta konposizioak ere fin lantzen dituzte.
Gure musika eta haiena arrunt ezberdinak izanik ere, aski hurbil sentitzen ditugu, intentzioan. Eta kontzertuetatik kanpo ere, pertsona eta lagun bikainak dira!
Zer asmo dituzue aurrera begira?
Jotzea, jotzea eta jotzea. Euskal Herrian, kanpoan, urrun eta hurbil, toki ohikoetan eta berezietan, handietan eta ttipietan. Kontzertu bakoitza sorpresa bat da. Jendea ezagutzeko eta denen oharrak entzuteko parada guziez baliatu nahi dugu, horrek baitu gure barne mundua elikatzen, eta, beraz, Lumiren musika.
Orbel: “Ihes egiteko momentua eskaintzen dugu, barrura begirakoa eta intentsua”
Badira hilabete batzuk irailean diskoa atera zenutenetik. Non zeundeten orduan eta non zaudete orain talde gisa?
Urtebeteko lanaren emaitza esku artean izateaz pozik geunden orduan. Diskoarekin oso pozik gaude eta oihartzun baikorrak izan ditugu. Diskoa aurkezteko emandako kontzertuen ondotik, talde bezala indartuta sentitzen gara, aurrera jarraitzeko prest.
Ideiak argiago dauzkagu eta kantu berriak idazteko gogoz gaude jadanik.
Zuen musika asko jolasten da intentsitateekin eta gorabeherekin. Zer eskatzen dio publikoari Orbelen kontzertu batek?
Publikoari 45 minutuz eguneroko bizitzaren erritmo erotik ihes egiteko momentua eskain dakioke, atseden momentu bat, oso barrura begirakoa eta intentsua. Baina, horretarako prest egon behar da.
Baldintzen arabera, hau da, lekuaren eta unearen arabera, gehiago ala gutxiago lortuko dugu ikus-entzuleekin bat egitea.

Txomin Urriza, Kamille Dizabo, Alan Billi eta Annelise Arnaud, Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.
Zer izan behar du Orbelen kontzertu batek, tramankuluak batzeko orduan zuek gustura gelditu zaretela sentitzeko?
Lehenago aipatu dugun ikus-entzuleekin bat egitea, baina, oroz gainetik, gu ongi sentitzea. Horretarako, ongi jo behar dugu, noski. Bakoitzak bere aurreikuspenak bete behar ditu eta talde gisa elkarrekin sentitu behar dugu. Hori oso garrantzitsua da: elkarrekin sentitu behar dugu.
Italian, Suitzan, Alemanian, Belgikan… aritu zarete aurkezpen biran. Zer harrera izan duzue bertan?
Harrera ona izan dugu. Ohituta gaude gure taldeekin Europara ateratzera. Leku eta jende berria ezagutzeko aukera da, oso aberasgarria da, asko elikatzen gaitu.
Lumirekin batera arituko zarete Donostian. Zer iruditzen zaizue Lumi taldea?
Oso proposamen ausarta eta berritzailea. Lagun minak ditugu, eta, beraz, haiekin jotzea eta gaua pasatzea plazer hutsa izango da.
Zer asmo dituzue aurrera begira?
2020ko udaberrian eta udan hemen gaindi kontzertuak emango ditugu, asteburuetan. Disko berria prestatzen hasiko gara. Eta 2020ko udazkenean beste kontzertu bira bat antolatuko dugu.
Lumi + Orbel Donostiako Kutxa Kultur aretoan (Tabakaleran) zuzenean, urtarrilaren 17an, ostiralarekin, 21:00etatik aurrera (8/10 euro).
Zure interesekoa izan daiteke
Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko
Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.