'Mitoaroa', Atik Zra
Zetak taldeak Mitoaroa trilogia itxiko du ostiral-larunbatetan San Mamesen, 80.000 pertsonaren aurrean. Zetaken eta Mitoaroaren errepasoa egin dugu, burutik burura.
Zetak Pello Reparazen taldeak egindako bideari begiratu diogu, letraz letra.
A. ARBIZU
Arbizu da, izan, Zetaken 0 kilometroa, zentroa. Aranatzaldeko herriko semea da Pello Reparaz taldeko liderra, eta “erabateko garrantzia” aitortzen dio bere jaioterriari; gero eta handiagoa, proiektua hazten joan den heinean, sustraiei lotuta jarraitu eta “partikulartasunaren bilaketan” laguntzen diolako kontzientzia horrek.
B. BILBO
Mitoaroa I Iruñean eta Mitoaroa II Donostian taularatu eta gero, San Mames Bilboko estadioan izango da Mitoaroa III. “San Mameserako bereziki pentsatutako ikuskizuna” dela aurreratu du, gainera, Reparazek: "San Mames ez da ikuskizunaren kokapen hutsa: proposamenaren parte aktiboa da".
Amama bizkaitarrak San Mamesen ikusiko duelako ere pozik dago Reparaz.
Ekainak 19 eta 20
“Mitoaroa III” ikuskizun “futurista eta aldarrikatzailea” izango da
D. DIMENTSIOA
Bi egunez, 80.000 pertsona sartuko ditu Mitoaroa III ikuskizunak San Mamesen, 40.000 gaualdi bakoitzeko. "1.000 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte, 275 pertsonaiak baino gehiagok eta zenbait kolaboratzailek”, Reparazek aurkezpen prentsaurrekoan aletu zuenez.
Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euroz lagunduko du kontzertu bikoitza, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak ekitaldi horretan esandakoaren arabera.
E. ENTZUNGAILUAK
Mitoaroa II ikuskizuna Donostian eskaini zuten hiru gauetan, publikoak ezusteko handia hartu zuen. Publikoko pertsona bakoitzak haririk gabeko entzungailuen bidez aditu zuen kontzertua, eserlekutik zein pistatik.
F. FOMO-A (Fear of Missing Out)
FOMOa dantzan jarri du, azkenaldiko beste hainbat ekitaldi jendetsuk bezala, Mitoaroak.
Ekitaldi gustagarrietatik kanpo gelditzeko beldurra izendatzeko erabiltzen da ingelesezko akronimo hori, eta sarrerak aurrerapen gero eta handiagoz hartu beharrak eta besteek gozatzen dutena bertatik bertara jarraitzeko antsietateak pizten dute.
G. GONBIDATUAK
Alerik ere ez du aurreratu Pello Reparazek horren inguruan, San Mamesko kontzertuari begira, baina nola Mitoaroa I-ek hala Mitoaroa II-k gonbidatu zerrenda luzea izan zuten: Kukai, Jagoba Arrasate, Vendettako taldekideak, Javier Botet, Erramun Martikorena, Maixux Zugarramurdi, Ignatius, Antton Telleria, Yune Nogueiras, Aitziber Garmendia, Pantxoa eta Peio…
Gero eta ohikoagoa da kontzertuak gonbidatuz zein tokian tokiko kantuez aberastea (Dua Lipak eta Metallicak bisitatzen ari diren herrialdeko kantak jotzen dituzte gaualdi bakoitzean, adibidez), ETSren Bihotzen Konkistan, Bad Bunnyren etxetxoan eta Rosaliaren aitorlekuan azkenaldian ikusi dugunez.
Ikusgarritasuna helburu preziatua den honetan, izatez errepikakorra den ekitaldi bat, biran ari den talde batentzat gainerako gaualditakoen berdintsua izan daitekeen emanaldi bat, “bakan” bihurtzeko eta haren oihartzuna handitzeko zein errentagarriagoa egiteko modua da.
H. HISTORIKOA
Bi ordu eta erdi inguru iraungo duten bi emanaldiak historikoak izango dira: euskarazko musika talde batek estadio bat bi aldiz beteko duen lehen aldia izango da.
I. ILUNBE
2025eko irailean, Zetak taldeak hiru gauez bete zuen Ilunbe, Mitoaroaren bigarren zatiarekin. Iraganean girotuta egon zen ikuskizuna, eta agertokiak pabilioiaren erdigunea hartu zuen, 360 graduko esperientzia eskaintzeko.
J. JOALDUNAK
Ituren eta Zubietako joaldunak, momotxorroak, zipoteroak, mamuxarroak… Nafarroako inauterietako pertsonaiek munta handia izan dute Mitoaroan, batik bat horren lehen zatian, zeinaren ardatz izan baitziren.
Bilbon ere entzungo dira joareak-eta, Zetakek apirilean Bilbora eramandako ikuskizunaren laginean ikusi genuenez.
K. KORRIKA
Martxoaren 19tik 29ra, 24. Korrikak 2.175 kilometro egin zituen Atharratzetik Bilbora, Xiberutikan mendebaldera, Pello Reparazek sortu eta Maixux Zugarramurdirekin eta Erramun Martikorenarekin batera kantatutako abestiaren doinura lasterka.
Korrika Bilbora iritsi zen egunean, gainera, kontzertu jendetsua egin zuen Zetakek Areatzako moilan.
L. LONDRES
Vendetta haren aurreko taldea utzi eta 2019an Zetaken lehen diskoa kaleratu aurretik, Pello Reparazek egonaldia egin zuen Londresen, Institute of Contemporary Music and Performance zentroan musika konposizioari buruzko master bat ontzen.
Jakintza teorikoa eman zion ikastaldi horrek, noski, eta musika elektronikoan guztiz murgiltzeko bultzada.
M. MITOLOGIA
Mitoa hitzetik hortzera dabil, Mitoaroak, mitoaroek, bultzatuta. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak, berbarako, 2025eko 25 hitz nabarmenenen artean sartu zuen Zetakek asmatutako kontzeptua.
Mitoak nortasuna sortzen eta garatzen laguntzen du, esan gabe doa, munduan kokatzeko talaia bat eraikitzen du eta ulertzen ez ditugun errealitate batzuen gaineko azalpen sarritan murritz bezain erabilgarriak jartzen dizkigu eskura, baina, zenbaitetan, errazkeriaz azaltzen ditu egitate, fenomeno eta gertakari konplexuak.
N. NAFARROA ARENA
Mitoaroa ikuskizunen bide arrakastatsua Nafarroa Arenan hasi zen, iazko urtarrilaren 4 eta 5ean. Edo 2024ko ekainean kokatu beharko genuke, agian, bide horren lehen mugarria.
Mitoaroa izeneko gaualdia orduan iragarri, eta aitaren batean agortu ziren salgai jarritako 15.000 sarrerak. Bigarren gaualdi bat iragarri zuten berehala, Nafarroa Arenan, eta Mitoaroa euskal kultura sistemaren eskala aldatzera zetorrela jakin genuen orduan.
Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea, "Mitoaroa I"en
O. ORWELL
George Orwell idazlearen zale handia da Pello, eta britainiar saiakeragile, eleberrigile eta kazetariaren obraren itzala nabaria izango ei da Mitoaroa III ikuskizunean.
Distopia batean murgilduko da publikoa: 2084. urtean, gizartearen gaineko kontrola erabatekoa da. Izaki mitologikoak gure artean bizi dira berriro, baina gizakiaren gaitz guztien errudun eta eraso ororen jomuga bilakatu dira. Gerraurreko giro batean, Pellok ez daki nora jo: ez da izaki mitologikoa baina gizaki denik ere ez du onartu nahi.
P. PUBLIKOA
80.000 pertsona batuko dira, bi gauetan, San Mamesen.
Estadioko ateak 20:30ean (ostiralean) eta 20:00etan (larunbata) irekiko dira, eta ikuskizuna bi ordu geroago hasiko da, 22:30ean ostiralean eta 22:00etan larunbatean. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du Mitoaroa III-k, gutxi-asko.
14:00etatik aurrera, giroa egongo da estadioaren kanpoaldean, eta, ahal dela, garaiz bertaratzeko eskatu diote antolatzaileek publikoari.
Mugikortasun urriko pertsonek PMU sarrera izan beharko dute egokitutako guneetara sartzeko.
Ikuskizunean, zeinu hizkuntzako interprete zerbitzua egongo da. Oholtzaren behealdean, espazio berezi bat gaituko da erabiltzaileentzat eta zeinu hizkuntzaren interpretea ondo ikusi ahal izateko. Espazio hori erabili nahi dutenek helbide honetan egin dezakete erreserba: sarrerak@mitoaroa.eus
R. REPARAZ
Pello Reparaz (Arbizu, 1990) da Zetaken arima. Bera da taldearen konpositore, ekoizle, ahots eta burua, ardatza.
2007tik 2018ra Vendetta taldeko ahots eta tronboi-jotzailea izan zen, eta estudioko bost disko kaleratu zituen taldearekin, jamaikar doinuak, popa eta rocka nahasita.
2018an eta 2019an, Euskalonski saioa aurkeztu zuen ETBn, munduko hainbat hiritan bizi ziren euskal herritarren egunerokoa kontatzeko.
2019tik ari da Zetak taldea gidatzen.
S. SOLD OUT (Dena salduta)
Sold outaren aroa bizi du euskal musikak. Peiremans+ taldearen bira, berriki, ETSren kontzertuak eta, noski, Mitoaroa dira horren erakusgarri.
Iruñeko eta Donostiako emanaldietarako, salgai jarri eta berehala agortu ziren sarrerak bere garaian. San Mameskoa ezberdina izan zitekeela zirudien, 40.000 laguneko edukiera duen estadio batez ari baikara. Baina lau orduan saldu ziren, 2025eko irailaren 10ean, San Mamesko larunbateko sarrerak, eta ostiraleko kontzertua iragarri zuen orduan taldeak.
T. TALDEA
Pellok (ahotsa, tronboia, bateria), Gorka Pastor (sintetizadoreak), Leire Colomo (perkusioa) eta Iban Larreboure (bateria) musikariak ditu aldean Zetaken.
U. UNIBERTSALA
“Partikularra unibertsala da”: lelo hori sarritan hartu du ahotan Pello Reparazek.
Pellok esana da Londresen gisako metropoli dibertsoan egindako egonaldiak Arbizura begira jarri zuela inoiz baino gehiago, eta hain hiri globaletik sekula baino mira handiagoz begiratu ziola Arbizu herriak, Nafarroak eta Euskal Herriak zein euskarak ordezkatzen zuten partikulartasunari, Zetaken inguruan mamituko zuen sormen lana mundura nortasun berezi horretatik zabaltzeko.
“Nik euskaraz idatzitako kantuek interes handia pizten zuten Londresko ikaskideen artean. Eta pentsatu nuen proiektu bat zenbat eta bereziagoa, partikularragoa izan, hainbat eta interes handiagoa piz dezakeela”, esan zuen Reparazek Biba Zueken.
Generikotasunak proposamen artistikoak urardotzeko eta azalekoa labain gertatzeko arriskuaren aurrean, partikulartasunean sakondu eta konexioak bertatik bilatzeko hautua egin zuen.
V. VENDETTA
Vendetta taldearekin egin zituen lehen urratsak musikan Pello Reparazek. Euskaraz zein gaztelaniaz kantatzen zuen taldeak, eta “Begitara begira”, “Udarako gau luzeak” eta “Ekainak 24" kantuak utzi zituen, besteak beste.
Mitoaroa I-en berriz batu ziren taldekideak oholtza gainean, “Begitara begira” jotzeko.
X. MAIXUX ZUGARRAMURDI
“Hileta kantu nafarra” kantuak, Zetaken 2024ko singleak, argitara hedatu zuen Maixux Zugarramurdi Zestau abeslariaren ahotsa.
Goizuetar abeslariaren ahotsaren bidez, bera bezala bizi osoan kantuan aritu eta merezi zuten aintzatespena jaso ez zuten emakumeak omendu ditu Reparazek, agur bati kantatzen dion piezan.
Y. “AAZTIYEN”
“Arestian, duela oso gutxi” esan nahi du berba horrek, Arbizuko euskaran edo, Reparazek zehaztu duenez, “Arbizuko euskaldun batzuen hizkeran”.
Zetak (2019) eta Zeinen ederra izango den (2020) diskoen ondoren, taldeari azken buruan euskal musika eszenaren aparretara lagundu dion diskoa da Aaztiyen: soinu elektroniko perkusibo grabe sakon eta sarkorrak, euskal tradizioko doinuak (txalaparta, irrintziak, alboka, panderoa, adarrak…) eta Reparazen melodia identifikagarriak.
Z. ZETAK
Euskal herri musikaren historian tokia egin du Zetakek dagoeneko. Ikusiko dugu zer pauso egiten dituen aurrerantzean.
Zure interesekoa izan daiteke
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Jazza ozen Donostian, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Millerren eskutik
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, horietako 47, doakoak. David Murrayk, Joe Lovanok eta, jaialdia gidatuko duen azken urtean, Miguel Martín zuzendariak jasoko dituzte Donostiako Jazzaldia sariak.
Madonna, Shakira, Ronaldinho edo Ronaldo Nazario, izar nagusiak Super Bowl kutsuko Munduko Kopako finalean
Justin Bieberrek Everyyhing Hallejujah interpretatu zuten, gitarraz lagunduta. Harmailetan beste izar batzuk zeuden; hala nola Beyonce, Dua Lipa, Rihanna, Timothée Chalamet eta Matt Damon.