'Clash' egiptoarrak zabalduko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia
“Clash” (2016) Mohamed Diabek zuzendutako film egiptoarrak emango dio hasiera, martxoaren 31n, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiari.
Gainera, urtero bezala, beste gai batzuei ere helduko die jaialdiak, hala nola ustelkeriaren aurkako borrokari ("Glory") eta zentsurari ("Afterimage"), besteak beste; lan mundura eta laneko harremanetara hurbilduko da ("La mano invisible") eta omenaldia egingo die milaka emakume gipuzkoarri, Gerra Zibilean euren etxeak abandonatu beharrean izan zirenei ("Ama, nora goaz?"); eta Kubara, Mexikora, Guatemalara edo Indiara joango da bidaian istorioak biltzera.
Urtero bezala, erakusketak ugari antolatuko dira Zinemaldiaren barruan, eta horietako asko martxoaren erdialdetik egongo dira zabalik: Emeek emana (Aiete KE), Kolonbia, bake iheskorra (Udal Liburutegi Nagusia), Giza eskubideen aldeko tira (Aiete KE), Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XIII. ekitaldia (Victoria Eugenia Antzokia) eta Cuban Muslims, Tropical Faith (Joan Alvado, FNAC).