'Ikurrinarekin kudeaketa txarra ezkutatzea' egotzi dio PSE-EEk Bilduri
"Ikurrina erraldoiarekin kudeaketa txarra ezkutatzea eta krisiaren aurrean ezer ez egitea" egotzi dio Rafaela Romero PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Auzitegi Gorenak Espainiako bandera begi bistako toki batean ezartzera behartu du Gipuzkoako Foru Aldundia. Horri erantzunez, Diputazioak ikurrina erraldoi bat jarriko du guztien bistan.
Rafaela Romerok Gipuzkoako Diputazioak ikurrina erraldoia jartzeko hartutako erabakia gaitzetsi du ohar batean.
"Ikurrinarekin ez zaio langabeziari aurre egiten, horretarako ekonomia suspertzeko eta bultzatzeko politika aktiboak onartu behar dira", ohartarazi dio Rafaela Romerok Martin Garitanori.
Romeroren iritziz, "Euskadirekiko maitasuna ez da banderak jarriz erakusten, enpleguaren alde eta krisiaren kontra borrokatzen eta gipuzkoar guztien eskubide sozialak babestuz baizik".
"Zertarako balio digute bandera erraldoiek geroz eta eskubide sozial gutxiago baditugu?", galdegin du Rafaela Romerok. Buruzagi sozialistaren esanetan, "PSE-EEren abertzaletasuna ez da bandera batean sartzen, handia izanik ere, guretzat garrantzitsuena pertsonak dira, ez banderak".
Bestalde, ikurrina "euskal herritar guztiena" dela adierazi dio Romerok Garitanori.
"Ikurrinaren 14 metroko hagatik jaisteko" eskatu dio PPk Martin Garitanori
"Ikurrinaren 14 metroko hagatik jaisteko" eskatu dio Alderdi Popularrak Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen Juan Carlos Cano bozeramaileak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Diputazioko 4x6 metroko ikurrina erraldoi bat jarriko du hilaren 26an Donostiako Gipuzkoako plazako eraikinean, guztien bistan.
Ohar batean, Bilduren hiru urteko kudeaketa gaitzetsi du. Horren esanetan, "hiru urte daramatzate Gipuzkoa suntsitzen eta alor guztietan lortu genituen aurrerapen guztiak desegiten. Hori da beraien helburu gorena".
"Hiru urte igaro dira eta oraindik ez dute ezer kudeatu, hain zuzen ere, kudeaketa inoiz baino garrantzitsuagoa zen garai batean", gaineratu du.
"Bildu ez dago hemen langabeziaz, pobreziaz, beharrez edo etorkizunaz hitz egiteko. Are gehiago, ahalik eta haga handienak jartzera eta beraien iritzi bera ez dutenei eraso egitera etorri dira", nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"