Espainiako Gobernua: 'Urriaren 1ekoa ez da erreferenduma izango'
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak berriro esan du Kataluniako erreferenduma legez kanpokoa eta berme demokratikorik gabekoa dela. "Urriaren 1ean gertatuko dena ez da erreferenduma izango", ohartarazi du.
Ministroen Kontseiluaren ondotik egin duen agerraldian gutxietsi egin du Generalitateak igandean erabiliko dituen hautestontziak aurkezteko egin duen ekitaldia.
"Kontainer edo edukiontzi batzuk hautestontzi gisa aurkeztu eta horregatik 10 kobratzea ez dago gaizki", esan du ironiaz.
Ikastetxeak igandera arte irekita mantentzeko asmoz, Kataluniako guraso elkarte ezberdinek eskolaz kanpoko ekimenak asteburu osorako antolatu izana gogor kritikatu du: "Arbuiagarria da haurrak helburu politiko batera manipulatzea".
Horrelako gauzak eginda "marra gorri asko" gainditzen direla esan du eta gurasoei "hausnarketa sakona" egin dezatela eskatu die.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan du epailearen aginduak "argiak" direla eta "legeari buelta emateko amarruak bilatzea" ona ez dela erantsi du.
Lasaitasunerako deia egin eta "zentzuz jokatzeko eta legez kanpoko ezer ez egiteko" eskatu du, "gizartea zatitzea ekiditea oso garrantzitsua delako".
"Batzuek eta besteek egiten dutenarekin kontuz ibiltzeko unea da, egin nahi ez duguna egitera bultza gaitzaketelako", azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri