Atentatuen urteurrena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Felipe VI.ak 'beti egin ditu zubilanak Kataluniarekin', Sanchezen arabera

"Espainia askotarikoa ulertzen duen estatuburua dugu, herrialdearen aniztasuna ulertzen duena, eta Kataluniarekin beti zubilanak egin dituena", erantzun dio Espainiako presidenteak Torrari.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak zalantzarik gabe babestu du Felipe VI.a Espainiako erregeak Bartzelonako eta Cambrilseko (Tarragona) atentatuen lehen urteurreneko ekitaldietan parte hartzea, nahiz eta independentistak kontra egon, eta Felipe VI.ak "Espainia askotarikoa" ulertzen duela eta "Kataluniarekin beti zubilanak" egin dituela azpimarratu du.

"Espainia askotarikoa ulertzen duen estatuburua dugu, herrialdearen aniztasuna ulertzen duena, eta Kataluniarekin beti zubilanak egin dituena", adierazi du Sanchezek Palman eman duen prentsaurrekoan, erregearekin Marivent Jauregian bildu ostean.

Baltasar Picornell Balearretako Parlamentuko presidenteak aurreko astean esan zuen erregeak "zubilanak" egin nahi zituela independentistekin, eta horren inguruan galdetu diote Sanchezi.

"Ez naiz inoren bozeramailea. Errege Etxeak eta estatuburak euren adierazpen publikoak egiten dituzte, nahiko argiak nire ustez, eta horiek interpretatu behar dira", erantzun du gobernuburuak.

Quim Torra Kataluniako presidenteak kritikatu egin du Felipe VI.ak atentatuen urteurreneko ekitaldietan parte hartzea, eta Sanchezek argi adierazi nahi izan du erregea eta erregina bertan izango direla, Gobernuko ordezkariekin batera, terrorismoa salatzeko eta biktimei eta senideei elkartasuna adierazteko "normaltasun" ekitaldi batean.

Bere ustez, garrantzitsuena da "ez ahaztea" ekitaldi horien helburua, eta argi uztea ez dagoela "zatiketarik" terrorismoaren aurkako borrokan eta biktimen eta senideen babesean.

Bestalde, Sanchezek jakinarazi du erregeari Gobernua-Generalitatea aldebiko bileraren berri ere eman diola. Izan ere, aurreko asteazkenean egin zen zazpi urte eta gero.

Zure interesekoa izan daiteke

DIADA BARCELONA BARTZELONA MANIFESTAZIOA
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Milaka pertsonak hartu dute parte Bartzelonan, Gironan eta Ampostan egin diren Diadako manifestazioetan

Independentziaren aldeko sugarra bizirik eta indartsu dagoela aldarrikatu dute, gaur arratsaldean, Bartzelonan, Gironan eta Ampostan (Tarragona) egin diren Diada eguneko manifestazioetan. Bartzelonako ekitaldian, ANCk iragarri du independentziaren aldeko elkarteen goi-bilera deituko duela, datorren urterako "mobilizazio handi bat" antolatzeko. 2027an hamar urte beteko dira independentziaren aldeko erreferendumetik, eta bide horretan, beste mugarri bat ezarri nahi dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X