Felipe VI.aren mezua kritikatu dute EAJk, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk
Felipe VI.a Espainiako erregeak atzo gauean eman zuen Gabonetako mezuaren ondorengo iritziak eman dituzte euskal alderdi politikoek astearte goizean.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen arabera, Espainiako erregeak "Konstituzioaren inguruan oinarritu zuen bere hitzaldia". Dena dela, "herritar eta alderdi asko" ez datozela bat Konstituzioarekin nabarmendu du. Arrazoi horregatik, ondorengo belaunaldiei utzi ahal zaien "legatu handiena euskaldunok nazio gisa aitortzea" litzatekeela azpimarratu du.
Era berean, Felipe VI.ak Konstituzioaren gainean esandakoaz gogoeta egin du, eta bere iritzia plazaratu du goizean egindako agerraldian. Bere iritziz, Felipe VI.ak Trantsizio garaian denen arteko adostasuna bilatu zela esan arren, jeltzaleek ez dute horrela ikusten. Izan ere, "EAJk ez zuen parte hartu Konstituzioa idazterakoan, eta alderdiak ez zuen testu hori babestu bere botoarekin". Gauzak horrela, garai hartan ez zela "hain akordio zabala" lortu nabarmendu du, eta Konstituzioak "gaur egun bere garaian baino babes gutxiago" duela ziurtatu du.
Ildo horretatik, abenduaren 6an, Kongresuan ordezkatuta dauden alderdi politiko batzuk ez zirela Konstituzioaren urteurrenera eta ospakizunetara joan gogora ekarri du. Hala, ekitaldi horietan urtero parte hartu duten bost alderdik aurten zergatik ez duten parte hartu nahi izan galdetu du.
Bere iritziz, Espainiako erregeak ez du iradoki Konstituzioa gaurkotu daitekeenik, baizik eta gaur egun indarrean dagoela eta aurrerantzean hala jarraitzeko indar nahikoa duela.
Beste alde batetik, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuaren iritziz, Felipe VI.ak atzo "argi adierazi zigun zer ordezkatzen duen. Galiziarrei, katalanei eta euskal herritarroi gure eskubideak ukatzea helburu duen marko konstituzionala".
Beitialarrangoitiaren arabera, "emakumeok bigarren mailako herritar hartzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkalaren ordezkaria da, alegia, hainbat eta hainbat herritarren prekarietatea dakarren sistema eta ezberdintasunak areagotu besterik egiten ez dituena".
"Atzo elkarbizitzaz hitz egin zigun Konstituzioa eskutan, hain justu ere, euskal herritarrok babestu ez genuena eta gure eskubide zibil eta politikoak ukatzen dituena. Ez dago elkarbizitzarik erabakitzeko eskubiderik ez badago, herritarrok ez badaukagu gure etorkizuna erabakitzeko aukerarik", esan du EH Bilduko diputatuak.
"Agortua dagoen marko bati eusten dio, ez du inolako erreformarik nahi. Ez dago markoa bera betearazteko inolako borondaterik, eta transferentzien arazoa horren adibide izan daiteke", esan du Beitialarrangoitiak. Bere iritziz, "herritarren eskaerei bizkar emanez" agertu zen atzo Espainiako erregea, eta elkarbizitza oinarri duen beste etorkizun baten alde agertu da.
Podemos-Ahal Dugu alderditik, Nagua Albak esan du atzoko mezuan nolabaiteko "berritasuna" gehitu nahi izan zuela Espainiako erregeak, "gizarteari, gazteei eta emakumezkoei buruz hitz egiterakoan". Dena dela, bere ustez esandakoa "ez zen nahikoa izan eta berandu iritsi zen".
Bere ustez, gazteei buruz "asko hitz egin zuen", baina "gazteok irtenbide zehatzak behar ditugu. Lege berriak beharrezkoak dira etxebizitza-eskubidea ziurtatzeko edota lanpostu duinak izateko. Hori guztia ez da hitzaldi batekin konpontzen", gaineratu du Nagua Albak.
"Gainera, argi dago monarkia zaharkituta dagoela, inposaturiko erakundea baita. Bestalde, bazirudien gaur egungo arazoak orain dela 40 urteko lege eta itunekin konpondu nahi dituztela, baina gaurko arazoak konpontzeko gaurko irtenbideak eta itun sozial berriak beharko ditugu", gaineratu du Podemos-Ahal Duguko ordezkariak.
Felipe VI.aren mezua babestu dute EAEko PPk, PSOEk eta UPNk
EAEko PPren idazkari orokorrak, Amaya Fernandezek, Felipe VI.ak “asmatu” egin zuen Trantsizioaren espirituaz hitz egitean eta bizikidetza egonkortasunarekin eta gazteen etorkizunarekin lotzean.
"Orain dela 40 urte posiblea izan zen bizikidetzaren aldeko desberdinen arteko hitzarmen bat lortzea, eta posiblea izan zen batzen zituena azpimarratu zutelako, banatzen zituenaren gainetik. Gaur bizikidetzaren aldeko itun hori arriskuan dago Euskadin, EAJ eta EH Bilduren nazionalismoak euskal herritarrak banatzen gaituena nabarmentzen dutelako, batzen gaituenaren gainetik", deitoratu du.
Sozialistei PPren jarrerarekin bat egin dezatela eskatu die, "batzen gaituena nabarmentzeko, banatzen gaituenaren gainetik". "Horretarako beharrezkoa da zubien ordez harresiak eraikitzen hasi den nazionalismoaren proiektuari bide emateari uztea", bukatu du.
Cristina Narbonak, PSOEko presidenteak, desadostasunak gainditzera eta adostasuna bilatzera animatu ditu gainontzeko alderdiak, erregeak defendatu zuen bezala.
"Adostasun handiago baten alde eta Konstituzioaren barruko elkarrizketan lan egiteko gai izatera animatzen ditugu alderdi politiko guztiak", esan du. Lider politikoei "dauden desadostasunak gainditzen" saiatzeko eskatu die, Trantsizioan egin zen bezala.
Espainiako Gobernuak egin duen moduan, Felipe VI.ak bizikidetzari eta errespetuari emandako "garrantzi handia" nabarmendu du agintari sozialistak, baita elkarrizketari eta "oso jarrera desberdinak gainditzeko gaitasunari" ere emandakoa. Berdintasunik eza, gazteen itxaropen falta eta genero indarkeria borrokatzeko hitzarmenak lortzearen garrantzia azpimarratu zuela esan du Narbonak.
Javier Esparza UPNko presidenteak ere erregeak "asmatu" egin zuela esan du, "bizikidetza guztion ondarea, garena eraiki den oinarria eta hurrengo belaunaldietako legatua dela esatean".
Esparzak Felipe VI.ak gazteei emandako "animo mezua" nabarmendu du. Hala ere, gehitu du "etorkizun bat eskaini ahal izateko guztion erantzukizuna" ere aipatu zuela nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Kitchen auziaren epaiketa amaitu da, lau hilabeteren ostean
Lau hilabetean zehar, 100 lekukok baino gehiago deklaratu dute, eta epaiaren zain gelditu da prozesua.
Arabako Aldundiak ez du suhiltzailerik bidaliko Madrilera, bere lurraldean sute-arriskua dagoela eta
Astelehenean Espainiako Gobernuak baliabide gehiago eskatu zituen suteei aurre egiteko, eta EAEko hiru hiriburuetako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, bat egingo dute Bizkaiak Madrilen zabaldutako dispositiboan. Bitartean, hiru aldundiek partekatzen duten helikopteroak Euskadin jarraituko du.
Espainiako selekzioaren finalean Polizia Nazionala "bere eginkizunen gainetik" aritu izana salatu du Zupiriak
Munduko Txapelketaren finalean izandako istiluetan Polizia Nazionalak Bilbon egindako bi atxiloketak kritikatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Ertzaintzaren eskumena dela iritzita.
Sanchez: "Zer gehiago gertatu behar da larrialdi klimatikoaren aurkako ituna babesteko?"
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ohartarazi du "larrialdi klimatikoak hil" egiten duela eta berriro eskatu du Larrialdi Klimatikoaren eta "negazionismoaren" aurkako Estatu Ituna hitzartzea. Sanchezek gogorarazi du 2026an suteek 170.000 hektarea baino gehiago kiskali dituztela Espainian, iaz baino sei aldiz gehiago. Gainera, suteek dagoeneko hamar hildako inguru eragin dituztela adierazi du, abuztua eta iraila, arrisku handieneko hilabeteetako bi, oraindik aurretik direla.
Aitor Landa eta Alfonso Garaikoetxea, Ertzaintzaren zuzendari eta buru berriak
Landa goi-mailako teknikaria da Nekazaritzan, eta 36 urteko esperientzia du babes zibilaren arloan. Garaikoetxeak 41 urte daramatza Ertzaintzan, eta azken 7 urteetan Herritarren Babeserako arloburu izan da.
Bizkaiko Auzitegiak artxibatu egin du Voxen ekitaldi batean Santurtzin izandako istiluengatik atxilotutako emakume baten aurkako auzia
Auzitegiak uste du atxilotutako emakumearen deklarazioa legez ezarritako epetik kanpo hartu zela, eta auzi penala artxibatzea erabaki du.
Bi atxilotu Bilbon, Munduko Txapelketako finalean Espainiako kamiseta jantzita zeraman gazte bati eraso egitea egotzita
Atxilotuei gorroto eta lesio delituak eta desordena publikoak eragitea egotzi diete. Ez da baztertzen atxiloketa gehiago egotea.
Auzitegi Nazionalak Belateko lanen esleipena ikertuko du
Koldo auziaren instrukzioaren ardura duen epaileak gaur jakinarazi du erabakia. UPNk eta PPk Maria Chiviteren dimisioa eskatu dute.
EAJren "legatua" bere egin nahi dutenei mezua, Estebanek: "Ezin da oinordetzan hartu defendatu nahi izan ez zena"
Ekitaldi politikoa egin dute jeltzaleek Bilbon, Sabino Aranak EAJ sortu zuela 131 urte bete direnean. "Atzo mespretxatu zituenak gaur ez du haien txapela janzteko eskubiderik", esan du, zuzenean aipatu gabe, baina EH Bilduri erreferentzia eginez.
Arabako Aldundiak Manzanosko saihesbidea ireki du eta herriko trenbide-pasaguneko trafikoa kendu
Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eta Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatu Jon Nogalesek Manzanosko saihesbidea inauguratu dute astelehen honetan. Proiektuak 3,8 milioi euroko inbertsioa izan du, eta horri esker, Añanako kuadrillako herri hori zeharkatzen duen trenbide-pasaguneko ibilgailuen trafikoa itxi egin dute.