Erkoreka: 'Eskumen bakoitza artisau lan bat da, ezin zaio trokela jarri'
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak gaur nabarmendu duenez, bi gobernuetako talde negoziatzaileak "gogor egin dute lan" azken egunotan, baina ez dute transferentzien inguruko akordiorik lortu.
Euskadi "kasu berezia" dela argudiatu du Erkorekak: "Eskumen bakoitza artisau lan bat da. Banan-banan landu behar dira, ezin zaie trokela jarri beste erkidego batzuetan bezala".
Sailburuaren esanetan, Ogasun Ministerioak eskumen batzuen inguruan egindako balorazio ekonomikoan dago desadostasuna, Kontzertu Ekonomikoan hitzartutako harreman ereduari eragiten diona. "Beti aplikatu izan dugun eredu ekonomiko/finantzarioari jarraituz itxi nahi ditugu transferentziak", gaineratu du.
Dena dela, Erkorekak esan du Jaurlaritzak "lanean" jarraituko duela akordioa "posible eta desiragarri" delako.