Zer da 11/13 auzia eta zer leporatzen diete auzipetuei?
2013ko irailaren 30ean Guardia Zibilak 18 pertsona atxilotu zituen, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralak aginduta. Era berean, Herrira mugimenduaren aurkako operazioan lau lokal miatzeko eta ixteko agindua eman zuen. Gainera, elkartearen jarduera bi urtez bertan behera uztea agindu zuen.
Atxilotuak epailearen esku jarri zituzten 2013ko urriaren 3an. Horietako lau bermepean espetxera bidali zituen epaitegiak, eta gainerakoak kautelazko neurriekin aske utzi zituen.
Herrira mugimendua 2012ko hasieran sortu zen, "pertsona preso eta erbesteratuen egoerari konponbideak emateko" helburuarekin, "Euskal Herrian bakea eraikitzeko markoan", kolektiboak berak dossier batean azaldu duenez.
Euskal Herri osoan 250 lantalde baino gehiago osatzera heldu ziren. Bere ibilbide laburrean, pertsonen ekarpenak jaso eta milaka herritarrek ekimenetan parte hartu zuten, besteak beste: dozenaka milaka pertsona bildu zituzten mobilizazioak Bilbon, 'Plazak bete' ekimena (250 plaza baino gehiago herrietan eta hiriburuetan), gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eskatzeko gau-ekitaldia, 'Azken Ziaboga' ekitaldia Donostian edo 'Herritarren Epaia' martxa 197/2006 doktrina (Parot doktrina) indargabetzea eskatzeko. Era berean, sakabanaketaren aurkako hainbat ekimen abian jarri zituen.
Bestalde, Guardia Zibilak beste zortzi pertsona atxilotu zituen 2014ko urtarrilaren 8an, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralak aginduta. Horien artean hiru abokatu atxilotu zituzten. Atxilotuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bitartekari gisa publikoki aurkeztu ziren 2012ko ekainaren 2an.
Polizia operazio berdinean zenbait abokaturen bulegoak miatu zituzten, baita senatari baten bulegoa ere.
Guztiei gehienezko atxiloaldia (72 ordu) luzatu zieten. Bost egun atxilotuta eman ondotik, epailearen esku utzi eta espetxera bidali zituzten.
2012an, EPPK-ko kideek eztabaida batean parte hartu zuten, "ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde abiatutako bidea bultzatzeko xedearekin".
EPPK-ko kideek ez zuten eragile politiko, sozial eta sindikalekin zuzenean biltzeko aukerarik. Ondorioz, agiri publiko baten bidez, pertsona presoen defentsan aritu izan diren pertsonek "zubi lana" egitea eskatu zuen EPPK-k.
Esan bezala, pertsona horietako askok, inputatuek barne, agerraldi publikoa egin zuten 2012ko ekainean, EPPK-k egindako eskaera onartuz.

11/13 auziko ikertuak. Argazkia: 47ak herrian.
2015eko urtarrilaren 12an, Eloy Velasco epaileak beste 12 abokatu atxilotzeko agindua eman zion Guardia Zibilari, baita haien bulegoak miatzeko ere. Era berean, Herrira elkartearekin lotuta, beste lau pertsona atxilotu zituzten, terrorismoa finantzatzea egotzita. Sei hilabete lehenago, ikertuak izaten ari zirela salatu zuten operazioan atxilotutako abokatuek, eta deitzen zituztenean epailearen aurrean agertzeko borondatea azaldu zuten.
Egun berean, Guardia Zibilak LAB sindikatuaren Bilboko egoitza miatu zuen, Herrira mugimenduarekin lotutako atxilotuetako batekin. Bi egun lehenago Bilbon egindako manifestazioan zehar bildutako dirua atzeman zuten guardia zibilek sindikatu abertzalearen bulegoetan. Manifestazioa Sare kolektiboak deitu zuen.
Polizia operazioan, sindikatuaren egoitzaz gain, abokatuen hiru bulego eta zenbait etxebizitza eta lokal miatu zituzten. Atxilotuen kontu korronte pertsonalak eta profesionalak blokeatu zituzten, baita ondasunak ere.
Urtarrilaren 14an epailearen esku jarri zituzten. Hiru pertsona espetxera bidali zituzten, eta gainerakoak kautelazko neurriekin aske geratu ziren. Era berean, Iñaki Goioaga Llano senatariaren kontrako ikerbidea hastea eskatu zion Eloy Velasco epaileak Auzitegi Gorenari.
Euskal presoen defentsan lan egin duten abokatu gehienak Auzitegi Nazionalean aritu izan dira, baina baita beste instantzia judizialetan ere (Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala edo Giza Eskubideen Europako Auzitegia).
Atxiloketek eta auzipetzeek eragin dien "kalte pertsonal eta profesionala" salatu dute presoen abokatuek. "Euren lana aurrera eraman ahal izateko sekretu eta konfidentzialtasun berme guztiak hautsi dira", erantsi dutenez.
Abokatu auzipetuen ahotan, "baldintzapeko askatasunaren markoan inposatutako baldintzak euren lan juridikoa guztiz mugatu du, eta ondorioz, bezeroen defentsarako eskubideari kalte egin dio".
Azkenik, Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu zituen 2015eko martxoaren 25ean: Etxerat presoen senideen elkarteko bi kide eta Jaiki-Hadi osasuneko profesionalen kolektiboko beste bi kide. Horietako hiru psikologoak dira. Haien zeregin profesionala pertsona presoak eta haien senitartekoak artatzea da. Atxilotuei Istanbuleko Protokoloa aplikatzen ote zaien egiaztatzeko orduan adituak ere badira.
2015eko martxoaren 27an epailearen esku jarri zituzten. Magistratuak espetxeratzeko agindua eman zuen, 15.000 euroko fidantzapean eta kautelazko neurriekin.
Guztira, 47 pertsona atxilotuei "erakunde terroristako kide izatea", "terrorismoa finantzatzea", "terrorismoa goratzea" eta "kautelazko neurriak urratzea" egotzi diete 11/13 auzian. Akusazio idatziaren arabera, 602,2 urteko espetxe-zigorra eskatu diete.
Fiskaltzak delitutzat jotzen dituen gertakariak "giza eskubideen defentsan" auzipetuek egindako lanean kokatzen dira: bileretan parte hartzea, adierazpen publikoak, prentsaurrekoetan agerraldiak, bilerak eragile politiko, sozial eta sindikalekin, eta pertsona presoei egindako bisitak.
Zure interesekoa izan daiteke
Lehen sektoreari eta Arabako Errioxari babesa agertu diete alderdiek
EH Bilduk sektorearen eta erakundeen artean "partekatutako" estrategia baten alde egin du. PSE-EEren aburuz, "Arabako Errioxa klima aldaketaren aurrean babesteko fronte bat" eratu behar da. PPk uste du landa eremua "abandonatuta" dagoela, eta egoera aldatzeko ekimenak agindu ditu.
Faxismoaren aurkako manifestazio jendetsua Donostian
Ernaik milaka lagun bildu ditu Gipuzkoako hiriburuan 'Euskal Herria irabaztera' lelopean
Rego ministroak erantzukizuna eskatu die autonomia erkidegoei adingabe migratzaileak Ceutatik penintsulara eramateko
Gazteria eta Haurtzaro ministroak azaldu duenez, 2.100 haur migratzaile daude hirian. Asko "oso egoera gogorretatik" ihesean iritsi dira bertara, besteak beste, "sexu-indarkeriatik edo derrigorrezko ezkontzetatik".
Manifestazioa Itsasun, Iparretarrak taldeko kide baten omenezko murala ezabatzeko aginduaren kontra
Frantziako Gobernuko ordezkariak Iparretarrak talde armatuko kide ohi baten murala ezabatzeko agindua eman ostean, gaur Itsasun, Lapurdin, ehunka lagun kalera atera dira erabaki hori gogor kritikatzeko. Ez dago argi Udalak noiz ezabatuko duen Txomin Olhagaray Iparretarrak taldeko kidea irudikatzen duen margoa. Manifestariek adierazi dute artelan bat baino ez dela eta noizbait liburuak ere erreko ote dituzten galdetu dute.
Irene Monterok primario ireki batzuetara aurkeztuko du bere burua Podemosen hautagaia izateko hauteskunde orokorretan
Ministro ohiak ezker alternatiboa gidatu nahi du, Sumar, IU, Mas Madrid eta Comunsek osatutako koalizioak oraindik hautagairik ez duen testuinguruan.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak Eusko Jaurlaritzaren espetxe politika kritikatu du
Euskadiko PPko presidente Javier de Andresek Alderdi Popularreko Belaunaldi Berriek antolatutako jardunaldi baten amaieran parte hartu du larunbat honetan, Bilbon. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren espetxe politika kritikatu du, eta Henri Parot ETAko buruzagi ohiari hirugarren gradua eman izana aurpegiratu dio.
Eneko Andueza, PSE-EE: "Goazen lehentasun sozialetara"
Euskadiko sozialisten burua Abantoko Burdin Jaian egon da, eta adierazpenak egin ditu bertan bildutako kazetarien aurrean. Lehentasun identitarioen gainetik, bere alderdiak lehentasun sozialak lehenetsiko dituela azaldu du.
Tropa frankistek Errenteria okupatu zutela 90 urte bete direla eta, ekitaldia egin du Udalak
1936ko irailaren 13an sartu ziren indarrez Beorlegi koronelaren tropak. Gertakariok eta ondoren jazotako sarraskia gogoan, lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute gaur, Udalak antolatuta.
Richar Vaquero: "Ezkerraren batasunaren alde lan egiten jarraituko dugu"
Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak larunbat honetan abiatu du alderdiaren Herritarren Kontseilu Autonomikoaren urte politiko berria. Lehenengo bileran adierazi duenez, Podemosek "euskal errealitatea batu, ilusioa piztu eta eraldatzeko gai izango den blokea eraiki" nahi du.
Donostiako EAJk etxebizitza eskaintza areagotzea eta turismo eredu "ordenatu eta jasangarria" sustatzea jarri du jomugan
Martxotik uztailera bitartean, elkarrizketa eta gogoeta saioa egin dute jeltzaleek 500 gizarte eragilerekin, eta 200 ekarpenetik gora jaso dituzte, 11 erronka sektorialetan bilduta. Jon Insausti alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Entzutea ez da jendeak zer pentsatzen duen galdetzea. Entzutea da prest egotea beste begirada batzuk onartzeko".