Arantxa Tapia: "Energia berriztagarrien % 15 lortzeko modurik onena eolikoak dira"
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) haize-parke gehiago eraikitzearen alde agertu da asteazken honetan Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Radio Euskadiko Boulevard albistegian. Izan ere, EAEn sortutako energia berriztagarria % 7tik % 15era igotzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa. "Mendietan eta itsasoan haize-parkeen aldeko apustua egin behar dugu", esan du Tapiak, eta udalerrietako oposizioari eta ingurumen gaiei egotzi die azken hamarkadako geldialdia. "Helburuak betetzeko energia berriztagarria sortu behar dugu, eta energia eolikoa da modurik eraginkorrena", azpimarratu du. "Kopiatu dezagun Nafarroako eredua, Euskadin garatutako teknologiarekin osatutako parke eolikoa jar genezake martxan".
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanei dagokienez, Arantxa Tapiak ideia bat azpimarratu du: "Ezin gara obra bat aurrera eramateko zain egon hurrengoarekin hasteko". Arrazoi horregatik, lanak "paraleloan" egin behar direla esan du: "Obrak amaitu, bideak eta elektrizitatea jarri, probak egin eta zerbitzua eskaini". Horrela, "2024ko urtarrilaren 1erako posible izan daiteke".
Arabako Mahastien jatorri-izenaren inguruan Arabako Errioxan piztu den polemikari buruz, Tapiak ziurtatu du bide horren aldeko apustua egiten duten ardogileek horretarako "aukera" izan dezaketela, "guztiz zilegi delako". "Erabakitzen duten bidean babesa emango diegu, Errioxako jatorri-izenarekin jarraitzea erabakitzen dutenei ere". Testuinguru horretan, Arabako mahastientzako "marka ezberdin baten" alde egin du Tapiak, baina Errioxatik kanpo jatorri-izena edota gaur egunfo terminoak aldatu gabe.
Iberdrolak Gamesa uztea adostu du, hainbat hilabetetako eztabaidaren ostean. Ia 1.100 milioi eurogatik salduko du Siemens Gamesan duen parte-hartzea. Arantxa Tapiaren iritziz, albistea "ez da ona", baina Siemens-Gamesa orain "auzitegietatik eta hedabideetatik kanpo" dagela dio. Adierazi duenez, Siemenseko zuzendaritzatik ziurtatu diote konpainiaren gaur egungo jarduerak Euskal Herrian jarraituko duela, eta "Euskadiren aldeko apustua egiten jarraituko dutela", baina aitortu du erabaki horrekin zentroak Euskaditik aldentzeko "arriskua" dagoela. Tapiak baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak Iberdrolak konpainian utzitako hutsunea betetzeko aukera.
Tapiak begi onez ikusten du Sinedorrek euskal siderurgien fusioaren alde egindako proposamena, "dimentsioa irabaziko litzatekeelako, lehiakortasuna handitu eta posizio hobea lortuz".
Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lortutako akordioari buruz, Tapiak nabarmendu du "alde guztiek identifikatuko dituztela industriaren etorkizuneko beharrak digitalizazioari dagokionez, eta, ondorioz, enpleguari, prestakuntza-premiei eta gardentasunari dagokienez ere". Jaurlaritzak, patronalak, CC.OO.-k eta UGTk hartutako konpromisoa "aurrerapauso positiboa" da. ELAri eta LABi hausnarketa eskatu die, bere ustez jarraipen nabarmenik izan ez zuen greba orokorraren emaitzengatik: "Elkarrizketa Sozialerako Mahaia irekita dago".
Bestalde, 24 ordutan industrian bi lan-istripu izan ostean, Arantxa Tapiak bere ikuspuntua eman du: "Segurtasunean eta prebentzioan neurri gehiago hartu behar dira. Langile guztiak sentsibilizatu behar dira, ez gaitezen fidatu". Bere esanetan, “gure enpresen DNA kalitatearekin lotuta dagoen bezala, segurtasunarekin ere gauza bera egin beharko litzateke”.
"Renove Planarekin auto gehiagotara iritsi nahi dugu, CO2 isuriak murriztuz". Sailburuak azaldu duenez, "errepidetik ahalik eta ibilgailu zahar gehien kentzea da helburua”, eta, horretarako, 2.000 eurotik 1.000 eurora murriztu dute laguntza, bestelako neurri batzuk hartzeko. "2050erako auto guztiak izan behar dira elektrikoak, baina oraindik diru asko behar da", aitortu du Tapiak, gasolina erabiltzen duten autoei zuzendutako laguntzei eutsiz.
Trantsizio ekologikoaren arrisku ekonomikoez ohartarazi dute euskal enpresa handiek azken asteetan. "Errealistak gara", ziurtatu du Tapiak. "Pixkanaka beteko ditugu helburuak", egun batetik bestera "ezinezkoa delako ibilgailu guztiak elektrikoekin ordezkatzea". Ildo horretatik, "helburuetatik jaitsi gabeko trantsizio" baten alde agertu da. Tapiak azaldu duenez, "baliabide gehiago dituzten pertsonek auto elektrikoak eduki ahal izango dituzte, baina ez besteek", eta aldaketa horrek "ezberdintasun sozial gehiago ez eragiteko" eskatu du.
Tapiak ukatu egin ditu Maddalen Iriarteren (EH Bildu) eta Rosa Martinezen (Elkarrekin Podemos) kritikak, Eusko Jaurlaritza "balazta bat" dela uste baitute. Sailburuaren ustez, "Lehendakariak erritmoa, abiadura eta konstantzia eskatzen ditu, azeleraziorik eta balaztarik gabe". Hauteskunde autonomikoak aurreratzeko zurrumurruen inguruan ez du hitz egin nahi izan, baina adierazpen horiek "kanpainaurrearen baitan" kokatu ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk
Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.
Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Monica Garciak ukatu egin du Ceutan osasun-kolapsorik dagoenik, eta pilaketen arriskuaz ohartarazi du
Osasun ministroak azken 15 egunetan 5.800 migratzaile artatu dituztela azaldu du, eta arrisku sanitario eta epidemiologikoak prebenitzeko gune gehiago eskatu ditu.
PPk gobernatutako autonomia-erkidegoek uko egin diote Ceutako adingabe migratzaileen arreta hurrengo Sektore Konferentzian eztabaidatzeari
Abuztuaren 27ko Sektore Konferentzia izango da Ceutan atzerritarren sarrera masiboa izan zenetik egingo den lehena. Ceutarako 25 milioi euroko aparteko kredituaren transferentzia ere aztertuko dute, bakarrik dauden adingabe migratzaileen arretari lotuta.
Ceutako adingabeak familiekin elkartzea defendatzen du Euskadik, banatu beharrean
Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak esan duenez, Euskadik "ez du onartuko inposatutako, inprobisatutako edo bermerik gabeko deribaziorik", eta gogorarazi du EAEk dagoeneko bere ahalmenaren gainetik hartzen dituela adingabeak.
Marlaskak segurtasun neurriak indartu ditu Ceutan, eta Marokorekiko lankidetza aldarrikatu du
Barne ministroak iragarri duenez, 45 polizia gehiago bidaliko dituzte Ceutara, herritarren segurtasuna indartzeko asmoz. Oraindik ez da erabat berreskuratu normaltasuna hirian, nahiz eta modu irregularrean sartu ziren migratzaile gehienak itzuli.
Sei atxilotu Gasteizen, Espainiako selekzioaren kamiseta zeraman gazte bati eraso egiten saiatzea egotzita
Futboleko Munduko Txapelketa baino egun batzuk lehenago gertatu omen zen. Atxiloketetako bat astelehenean izan zen, eta beste bostak asteartean.
Nafarroako Gobernuak larrialdiko 2. maila ezarri du eklipsea dela eta
Foru Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea ere eratu du, eta 1.165 kidek osatutako segurtasun-dispositiboa jarriko du martxan.
Ertzaintzako sindikatuek agenteen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, bitarteko gehiago eskatuz
ErNE, Euspel eta Sipe sindikatuek salatu dutenez, polizia bati eraso egitea ezin da "normal" bihurtu. Hortaz, "babes instituzionala" eta lantaldea indartzea eskatu dute.
Bilboko aireportuak ausazko kontrolak egiten dizkie Italiatik datozen bidaiariei, gorabeherarik gabe
Neurria larunbat honetan aktibatu da, eta irailaren 7ra arte iraungo du, Italiako Gobernuak Espainiatik datozen bidaiarientzako Schengen eremua bertan behera uzteko dekretuari erantzuteko.