Hauteskunde kanpaina astebetera murriztea eskatu du Equok
Hauteskunde kanpaina erdira murriztea eta hamabost egun iraun beharrean astebete irautea proposatu du astelehen honetan Equo Berdeak alderdiak.
Equok ohar batean azaldu duenez, kanpaina ohikoa ez bezalakoa izango da, koronabirusaren pandemiagatik, eta osasun irizpideetara egokitu behar da, kutsatzeak saihesteko segurtasun neurriekin.
Alderdi ekologistak eskatu du uztailaren 12rako hauteskundeetarako deialdiak "irizpide sanitario argia, publikoa eta objektiboa" izan dezala, "egoera sanitarioak hala eskatzen badu, bertan behera utzi beharrean, hauteskundeak geldiarazi edo berraktibatu ahal izateko".
"Mekanismo hori edukitzeak hauteskunde deialdi berri baten epeak eta tramitazioak arintzea ahalbidetuko luke, baina Urkullu lehendakariak ez du argitu aukera hori aurreikusten den ala ez", azaldu du.