Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua eratzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bidea itxi dio Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua sortzeko EH Bilduk egindako proposamenari, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko agerraldian iragarri duenez. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu koalizioaren arabera, gaur egun dauden organoek eta foroek ongi funtzionatzen dute eta beharrak behar bezala bideratzen dira. Hori dela eta, Ikus-entzunezko hedabideen Euskal Kontseilua eratzeko lege proposamena Eusko Legebiltzarrean tramitatzea eta onartzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak.
Koalizio subiranistak organo aholku-emailea, proposamen-emailea eta zigorrak jartzeko ahalmena izango zuena sortzea proposatu zuen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hedabide publiko zein pribatuetako ikus-entzunezko edukiak arautzeko.
EH Bilduren arabera, hauek lirateke balizko Euskal Kontseiluaren helburuak: ikus-entzunezko komunikazio-askatasuna bermatzea; hedabide publikoen aniztasuna, neutraltasuna, independentzia eta inpartzialtasuna sustatzea; euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea.
Euskal esparruko ikus-entzunezko edukiak arautzeko eskumena izango luke Euskal Kontseiluak, teknologia, formatua eta jatorria edozein dela ere: irratia, lurreko telebista digitala, telebista publikoa edo pribatua, sare sozialak eta abar.
EITBri erreferentzia eginez, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du horren jarraipena egin eta kontrolatzeko hiru foro daudela: Administrazio Kontseilua, Eusko Legebiltzarreko EITBren inguruko kontrol batzordea eta kontratu-programaren kontrol batzordea.