Mendiak harro esan dio 'agur' PSE-EEri, alderdi "erabakigarria" utzita
Idoia Mendia PSE-EEren buruzagiak, asteburu honetan kargua Eneko Anduezaren esku utziko duenak, "harro" esan dio 'agur' PSE-EEri, EAEn "erabakigarria" den alderdi bat utziko duelako, herritarrentzat ezagunak diren planteamenduekin eta ETAren amaieraren ondorengo bizikidetzarako eta autogobernurako ikuspegi irmoarekin.
Mendiak hitzaldia eman du PSE-EEren IX. Kongresuan. Asteburu osoa iraungo du Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dute ekitaldiak, "Hasiera berri bat" lelopean, eta EAEko 350 ordezkariren eta Euskadiko Ezkerraren Gazteetako ordezkarien parte-hartzearekin.
Kongresuarekin beste aro bat ireki nahi du PSE-EEk, Eneko Anduezaren gidaritzapean, izan ere, urriaren 30eko primarioetan militanteen % 95,3ren babesa jaso zuen, Soraya Morla beste hautagaiaren aurretik.
PSE-EEren IX. Kongresuak onarpen zabala eman dio, % 99,4koa, Idoia Mendiaren Batzorde Exekutiboaren kudeaketa txostenari.
Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du urteotan "ahal den leku guztietara iristen den" diskurtso "koherente eta argia" duela.
"Gaur egun mundu guztiak daki zeintzuk diren gure iritziak gai guztien inguruan. Bozkatzen gaituztenek eta ez gaituztenek badakite. Errespetuzko eremu bat da, zabaltzeko lanean ari dena, baina faktore gehigarri batekin: konfiantza gure buruan, eta sinesgarritasuna gizarte osoaren aurrean", azaldu du.
Bere esanetan, PSEk "leku erabakigarria" betetzen du orain, EAEko "erabaki guztiak aztertzen diren bizkarrezurra" da alderdia.
"Lantegi hori nuen idazkari nagusi izatera iritsi nintzenean, eta horixe da Eneko Anduezak bihartik aurrera gidatuko duen proiektu berriaren oinarrizko kanpalekua", gaineratu du.
"Sozialisten zigilua"
Bestalde, "Euskadiren gaur egungo proiektuak zigilu sozialista" daramala aipatu du, eta berretsi sozialistei esker jakin izan dutela "bizikidetza eta zuzenbide estatuari aurre egiten".
Mendiak esan du Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuak "luze" iraungo duela, eta horregatik, ez dagoela erabakirik, "Espainian eta Euskadin", "sozialisten eskuetatik pasatu behar ez denik".
PSE-EEren buruzagitzan zazpi urte egin ondoren, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu ere badenak, azken urteen balantzea egin du.
"Hemendik ibilbide orri berri bat atera behar da. Ixtera goazen agintaldian hauteskunde hitzordu ugari izan ditugu, eta babesa irabazi dugu", Mendiaren arabera. Horren harira, gogorarazi du babesa handitu egin zela EAEko azken hauteskundeetan, EAJrekin koalizioan zeuden bitartean.
Biktima guztiak
Mendiak "terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak" oroitu eta "desberdina suntsitzea" gaitzetsi du. "Duela hamar urte ETAren behin betiko amaiera lortu genuen, eta duela hiru, behin betiko desegin ostean, biktimak jarri nahi izan genituen erdigunean, ez biktimarioak. Gaur, berdin", azaldu du.
Azken 7 urteetan idazkari nagusi izan denak salatu du "injustizia handia" izan zela "indarrez proiektu politiko bat inposatu nahia", eta baita "Estatu arrazoiaren atzean gordeta" herritarrak "deuseztatzea" ere.
"Gure memorian daude biktima horiek guztiak, salbuespenik gabe. Gure memorian daude gure kide guztiak… Eta azaroaren 20a denez, gure memorian daude baita ere Santiago Brouard eta Josu Muguruza, ideia batzuk defendatzeagatik hil zituztenak, eta Jose Benito Sanchez eta Benjamin Sancho, polizia izatea erabakitzeagatik hil zituztenak", adierazi du.
Bere ustez, bizikidetza lortzeko "terrorismoari eta giza eskubideen urraketa orori kendu behar zaio zilegitasuna". "Ez dadila aitzakia edo argudio politikorik onartu hilketa bat, bahiketa bat, jazarpena eta tortura justifikatzen saiatzeko", azpimarratu du.
Autogobernua
Azkenik, PSE-EEk autogobernuaren lantaldean egindako lana goraipatu du, eta berretsi du euren apustua "federala" dela, "ñabardurarik gabe, elkarlanarekin eta gobernuen arteko leialtasunarekin". Hala, ohartarazi du estatutuaren erreforma egiteko sozialisten babesa nahi badute, ezin duela legeaz gaindiko proposamenik jaso, ez eta "atzeko atetik Konstituzioa aldatzeko asmorik ere".
CCOO eta UGT elkarrizketa sozialaren defentsan
Loli Garcia eta Raul Arza CCOOren eta UGTren idazkari nagusiek Kongresuaren irekieran parte hartu dute, eta Idoia Mendia lehendakariordearen lana goraipatzeaz gain, elkarrizketa sozialaren garrantzia azpimarratu eta pentsio sistemaren erreformarako lortutako akordioa txalotu dute.
Kongresuan parte hartzen ari dira, era berean, Maria Chivite Nafarroako presidentea, Adrian Barbon Asturiaskoa, Luis Tudanca Gaztela Leongo PSOEren idazkari nagusia eta Madrilgoa, Isaura Leal.
Patxi Lopez lehendakaria, Isabel Celaa ministro ohia eta PSE-EEren sailburu eta sailburu ohiak ere bertan izan dira. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, berriz, bihar iritsiko da, eta orduan hitz egingo du, Anduezak bezalaxe.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.