Maite Pagazaurtundua: "ETAk ez du bere Nurembergik izan eta guztiok behar dugu"
Larunbat honetan omenaldia egin diote Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburuari ETAk hil zuela 19 urte bete direnean. Agustin Ibarrolak haren omenez egindako eskulturaren inguruan bildu dira familia eta lagunak Andoainen bertan. Han izan dira, besteak beste, Fernando Sabater, Rosa Diaz, Carlos Iturgaiz eta Consuelo Ordoñez.
Ezker abertzaleak ez dituela biktimak errespetatzen salatu du Maite Pagazaurtundua Ciudadanoseko europarlamentario eta Europako Parlamentuko Askatasunen Batzordeko presidenteordeak baita euskal gizarteak "justizia eta gaitzespena" eskatu behar dituela ere: "ETAk ez du bere Nurembergik izan. Eta behar dute eta guztiok behar dugu, behingoz, atzean utz ditzaten erabiltzen dituzten estrategia maltzurrak".
Anaia publikoki oroitzea "errealitatea salatzeko modua" dela esan du Pagazaurtunduak: "Intolerantzia politikoagatik, gure pentsatzeko eta bizitzeko moduagatik gorroto zutenek hil zuten" eta "hura hilda jende gehiago beldurtzen zuten"; "hilketak beldurraren izebergaren punta dira" gehitu du.
"Orain ez dute jada inor hiltzen baina euren buruzagiek, heriotzaren jokoa manejatzen dutenek, Arnaldo Otegi bezalako eskrupulorik gabeko politikariek, energia guztia ardura gainetik kentzen" jartzen dutela esan du.
"Biktimak kontuan hartzen dituztela dirudien pauso bat ematen duten bakoitzean, amarru bat dagoela ikusten da gero: presoak zigorra bete aurretik ateratzea edo justiziari lagundu gabe ateratzea, adibidez". "Eurek besteen gainetik jartzeko, besteei jazarpena egitea ez dute gaitzesten. Ez dituzte biktimak errespetatzen" jarraitu du.
Pagazaurtunduaren iritziz, "oraindik bete ez dituzten gutxieneko etikoak eskatzeko garaia da".