Gogora institutuarekin harremanetan jartzeko deia egin diete frankismoak fusilatutako pertsonen senideei
1936tik eta 1945ra bitartean demokrazia defendatzearren frankismoak fusilatu zituen pertsonen oroimenezko ekitaldia prestatzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutua. Horri lotuta, omenaldian parte hartzeko eta Gogora institutuarekin harremanetan jartzeko deia egin diete senideei. Omenaldia martxoa amaieran izango da.
Gogora instituarekin harremanetan jartzeko 944 032 843 telefonora deitu dezakete senideek edo mezua bidali gogora.memoriahistorikoa1@euskadi.eus posta helbidera.
Martxoaren amaierarako aurreikusita dagoen ekitaldi horretan, 1936tik eta 1945ra exekutatu zituzten 2.000 pertsona ingururi egingo die omenaldia Eusko Jaurlaritzak, bai alderdi frankistak epai judizialik gabe fusilatu zituenak (jendartean paseatuak izenarekin ezagutzen direnak) eta Gerra Kontseiluak exekutatutakoak.
Datuak
Gogora institutuak egindako ikerketaren arabera, 1.191 pertsona fusilatu zituzten epe horretan, judizioz kanpo, Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietatik, 43 emakumeak ziren, 1.148, gizonak, eta 54 pertsona ezin izan dituzte identifikatu. Fusilamendu horietako gehienak Gipuzkoan egin zituzten (542), Araban, 214, eta Bizkaian, 67. 368 beste toki batzuetan edo leku ezezagun batean gertatu ziren.
Gerra-kontseiluak exekutatutako pertsonak, ostera, 1.003 izan ziren guztira: 536 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta 29 Araban. 346, aldiz, beste toki batzuetan jazo ziren.