Pedro Sanchez hautatu dute Espainiako presidente, hirugarrenez
Ustekaberik gabe, inbestiduraren bigarren eztabaida saioan, Espainiako Gobernuko presidente hautatu dute Pedro Sanchez sozialista. Gehiengo osoa ziurtatuta zeukan PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ, Junts, BNG eta Coalicion Canaria alderdietako 179 diputatuen botoei esker, eta kide horien bermeek ez diote hutsik egin.
Eguerdian egin dute bozketa. Aurreikusitakoa betez, botazio bakarrean erabaki da Presidentetza —aldeko 179 botorekin eta kontrako 171rekin—, bigarren saioa bukatu eta berehala aukeratu baitute presidente.
Zehazki, PSOEren 121 boz, Sumarren 31, ERCren 7, Juntsen 7, EH Bilduren 6, EAJren 5, BNGren 1 eta Coalicion Canariaren beste bat izan ditu alde; eta PPren 137, Voxen 33 eta UPNren 1 kontra.
Behin bozketa bukatuta, txalo zaparrada entzun da sozialisten eserlekuetatik, eta Nadia Calviño, Yolanda Diaz eta Teresa Ribera presidenteordeen zorion agurrak jaso ditu Sanchezek.
Ondoren, diputatu sozialista guztiak agurtu ditu banan-banan. Aurretik, gainera, Feijook eskua luzatu dio, ERC alderdiko Gabriel Rufianek eta Sumarreko Marta Loisek egin duten bezala.
Horrela, Kongresuak itxitzat eman du bi eguneko eztabaida "sutsua", demokrazian izan den hemezortzigarren inbestidura. Luze jo du uztailaren 23az geroztik abiatutako prozesuak, baina bukatutzat eman dute azaroaren 16 honetan.
Hain zuzen ere, Kataluniako prozesu subiranistagatik auzipetutakoei zuzendutako amnistiaren legea Diputatuen Kongresuan erregistratu eta lau egunera iritsi da inbestidura. Aski zalapartatsua izan da legea, kalean zein Kongresuan bertan.
Behin bozketa eginda, Francina Armengol Kongresuko presidenteak botazio horren emaitzaren berri emango dio —arratsaldean, ziur aski—Felipe VI.ari, hari baitagokio presidentea izendatzea.
Hirugarrenez hautatu dute presidente, bost urtean
Sanchez presidente aukeratzen duten hirugarren aldia da Moncloara iritsi eta bost urtera gaur etorri dena. Lehenengo aldian, Mariano Rajoy presidente ohiaren aurkako zentsura mozio baten ondotik heldu zen Presidentetzara. Urtebete geroago, 2019an, hauteskundeak irabazi zituen, eta Unidas Podemosen botoak batu zituen, koalizio Gobernuan sartzearen truke.
Dena den, 2016ko inbestiduran izan zen estreinakoz hautagai. Orduan, Ciudadanosekoekin batuta zeuzkan 131 diputatuen botoak baino ez zituen jaso.
Iragarpenak "hautsita", Sanchezek PSOEren hauteskunde primarioak irabazi zituen hurrengo urtean, eta idazkaritza nagusia eta oposizioaren buruzagitza berreskuratu. Handik Moncloara egin zuen jauzi, zentsura mozioan buru izan baitzen.
Lehen etapa hori urtebete ingurukoa izan zen. 2019ko apirilean, Sanchezek hauteskundeak deitu zituen, babes falta dela eta Estatuko aurrekontuak aurrera ateratzeko zituen arazoen jakitun.
Sanchezen PSOE alderdi bozkatuena izan zen orduan, eta inbestidurara aurkeztu zen berriro, baina ez zuen behar beste boto lortu, Pablo Iglesiasen Podemos alderdiarekin egindako itun saiakerak porrot egin ostean. PSOEko 123 diputatuen aldeko boza soilik jaso zuen, eta Kantabriako Alderdi Erregionalistako ordezkari bakarrarena.
Egoerak hala eskatuta, hauteskundeak deitu zituzten berriro ere 2019ko azarorako. PSOEk eta Podemosek eserlekuak galdu zituzten orduan, baina koalizio ituna itxi. Azkenik, Pedro Sanchez presidente izendatu zuten, ERCren eta EH Bilduren abstentzioei esker.
Negoziazio nekezak eta asaldura politikoa
Babesa eskuratzearen truke, Espainiako presidenteak itxi behar izan dituen itun guztietatik korapilatsuena amnistiaren legearekin lotutakoa izan da. Oposizioaren gaitzespenak ez ezik, inbestidura saioetako agerraldietan izan duen oihartzunak ere ardaztu du Juntsekin egindako akordioa.
Duela astebete, PSOEk eta Juntsek "blokeoa askatu" zuten, akordioa erdietsita. Horretarako, bost egun eman zituen PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanek Bruselan, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontekin negoziatzen.
Gauzak horrela, segurtasun neurri zorrotzak tarteko eta indar independentistekin adostutako itunak oinarri, gorabeheratsua baina ezusterik gabea izan da inbestidura.
Eztabaida saioak
Elkarri mokoka aritu ziren atzokoan Alberto Nuñez Feijoo PPko burua eta Sanchez bera, baina ezustekoak ere izan ziren. Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusok bereganatu zuen Kongresuan bildutakoen arreta, kamerek Sanchezi "putakumea" deitzen harrapatu zutenean.
Bestalde, Voxeko Santiago Abascalek Hitler aipatu zuen. Boterera hauteskundeak irabazita heldu zela adierazi zuen, eta Sanchezi aurpegiratu zion "estatu kolpea" ematen ari zela, "botoen diktadura baliatuta".
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.