'Koldo auzia' ikertzeko batzordean azalpenak emango dituztenen zerrenda aste honetan erabakiko du Senatuak
'Koldo auzia' ikertzeko batzordean azalpenak emango dituztenen zerrenda aste honetan erabakiko du Senatuak. Talde bakoitzak egindako proposamenak aztertu ondoren erabakiko du Goi Ganberak usteko zenbait ustelkeria kasu argitzeko lantaldean nork hitz egingo duen; kasu guztiak pandemia garaian osasun materiala salerosteko egindako operazioekin daude lotuta.
Senatuak aurreikusitako egutegiaren arabera, gaur arratsaldera arteko (14:00ak arte) epea dute taldeek proposamenak aurkezteko, eta asteazkenean egingo du lehen bilera ikerketa-batzordeak, aurrera begirako lan-antolaketa erabakitzeko. Apirilaren amaierarako batzordea lanean izatea nahi du Alderdi Popularrak (alderdi horren ekimenez jarriko da martxan batzordea).
Besteak beste, Angel Vicor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako ministroaren azalpenak eskatu dituzte popularrek, Kanarietako presidente izan zen garaian egindako kudeaketagatik, eta baita Francina Armengol Kongresuko presidentearenak ere; azken hori Balearetako presidente izan zenean egindako salerosketen berri ematea nahi du PPk.
PSOEk eta bere bazkide parlamentarioek eskatu dute ikerketa pandemian egindako osasun materialaren kontratu publiko guztietara zabaltzeko, eta PPri iraganeko ustelkeria kasuak aurpegiratu dizkiote.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"