Alzorrizek eskuinari ohartarazi dio Nafarroa "lokaztu" nahi arren, PSN pertsonen jokabideen gainetik dagoela
"Nire bizitzako batzar zailena izan da". Hitzok erabili ditu Ramon Alzorriz PSNko idazkariorde nagusiak, bere alderdiaren Zuzendaritza Batzordeak goizean egindako bileraren ondorengo agerraldian. Santos Cerdan atzo arte PSOEren Antolakuntza idazkaria zenaren auziak sortu duen egoera aztertzeko bildu dira: Guardia Zibilaren UCO unitatearen txosten batek ustelkeria kasu batekin lotu eta dimisioa eman zuen politikari nafarrak.
Begiak bustita, Alzorrizek PSNren "zintzotasuna eta gardentasuna" defendatu ditu behin eta berriz, eta abisua igorri dio eskuinari: Foru Erkidegora Madrilgo "lokatza" ekarri nahi badute ere, PSN edozein pertsonaren ekintzen gainetik dagoela ohartarazi dio. Esan duenez, norbaitek uste badu auzi honek Nafarroa gobernatzeko "atea zabalduko" diola, "oker dago".
Eta hori esanda, herritarrei ere zuzendu zaie, hitz emateko bere alderdiak lanean jarraituko duela Nafarroak Gobernu aurrerakoia izaten jarrai dezan.
Azken unera arte Cerdanen jarrera irmo defendatu duenak, gaur aitortu du UCOk zabaldutako audioen edukia "defendaezina" dela, eta PSNren prestutasun osoa agertu du, Justiziarekin kolaboratzeko. Halaber, "lagun eta alderdikide" duen Cerdanek defentsarako duen eskubidea ere jarri du mahai gainean.
"Txikituta gaude, hori da errealitatea". Bere hitzetan, "inoiz" ez dute Cerdanen jokabidean ezer susmagarririk atzeman, alderantziz, "pertsona leiala izan da beti".
UPN eta PPNren kritikak
Bien bitartean, UPNk eta PPNk aukera aprobetxatu dute, berriro Maria Chivite Nafarroako presidentearen kontra egin eta fokua Foru Gobernuaren jardunean ipintzeko.
Cristina Ibarrola UPNko presidentearen arabera, "hasi baino ez" da egin dena, ikusteko baitago Cerdanen jokabideen "itzala" noraino iritsiko den. Uste du Chiviteren kudeaketa osoa "koloka" jarri duela auzi honek, bere hitzetan, Cerdan zelako Nafarroan "agintzen" zuena.
Harago joan da Javier Garcia PPNko presidentea eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Chiviteri. "Aurpegia eman eta hauteskundeak aurreratu, hori da Chivitek egin behar duena", esan du.