Noelia Nuñez PPren diputatuak kargu guztiak utzi ditu
Nuñezek bere gain hartu du egindakoen "erantzukizun osoa", eta adierazi barkamena eskatzea "ez dela nahikoa". Hori dela eta, utzi egin ditu Genovan eta Kongresuan orain arte bete dituen karguak, X sare sozialean iragarri duenez.
Noelia Nuñez, orain arte PPren diputatua izan dena. Artxiboko argazkia: Europa Press
Noelia Nuñez PPren diputatuak asteazken honetan iragarri du kargu guztiak utzi egingo dituela, Kongresurako bere prestakuntza akademikoari buruzko "informazio okerra" aurkeztu zuela publiko egin berritan.
Nuñezek bere gain hartu du egindakoen "ardura osoa", eta adierazi du barkamena eskatzea "ez dela nahikoa". Hori dela eta, utzi egin ditu Genovan eta Kongresuan orain arte bete dituen kargu guztiak, X sare sozialean iragarri duenez.
Gaur goizean aitortu du ez dituela Zuzenbideko ikasketak amaitu, eta, hortaz, ez duela gradurik, Diputatuen Kongresuko bere fitxan gradua egin egin zuela agertzen den arren.
X sare sozialean zabaldu duen mezuan eman ditu azalpenak ordezkari popularrak, Oscar Puente Garraio ministro sozialistak haren curriculumaren inguruko zalantzak sare sozial horretan bertan adierazi berritan.
PPko Mobilizazio eta Erronka Digitaleko idazkariorde ere izandakoak aitortu du Diputatuen Kongresuko bere fitxan ageri den ikasketei buruzko informazioa "okerra" dela, baina ziurtatu du ez duela "inoiz izan engainatzeko asmorik".
Nuñezek azaldu duenez, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina, denbora batera, espedientea UNEDera aldatu zuen. Gerora, Ingeles Ikasketetako gradua egiten hasi zen. 2019an, ostera, Zuzenbideko gradu bikoitza hasi zuen UNEDen bertan. Amaitu barik ditu hiru-hirurak, nahiz eta amaitzeko asmoa agertu duen.
Testuinguru horretan, karguak berehala uzteko eskatu dio goizean PSOEk Nuñezi, haren curriculumaren inguruan "kontzienteki" eta "behin birritan" gezurra esateagatik.
"Hedabideen aurrean egindako elkarrizketetan, Zuzenbidean, Ingeles Filologian eta Herri Administrazioko Zientzia Juridikoetan lizentziatua zela adierazi zuen. Hori ez da egia", nabarmendu du PSOEk ohar batean. "Ez da akats txiki bat", gaineratu dute sozialistek.