Bingen Zupiriaren eta Ertzaintzaren aurkako pintaketak agertu dira Hernanin
Hainbat esaldi margotu dituzte herriko frontoiko paretetan; horien artean, "hilda hobe", “Vicente Zupiria txakurraren jabia”, “ertzainak borroka tiro en la boka” eta “ertzaina exterminio”.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren eta Ertzaintzaren aurkako hainbat pintada agertu dira larunbat honetan Hernaniko frontoian.
Kolore beltzez eta gorriz margotuak, hainbat esaldi pintatu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz frontoiko paretetan; horien artean, "hilda hobe", "Vicente Zupiria txakurraren jabia", "ertzainak borroka tiro en la boka" (tiro ahoan) eta "ertzaina exterminio" (ertzaina sarraskia), ortografia akatsak tartean.
Horiekin batera, svastika bat (neonazien kontrako norabidean), Daviden izarra (ikonografia judua) eta arma baten mira bat margotu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, oraindik ez dakite pintadak nork egin dituen ezta noiz egin diren.
Adierazpen instituzionala
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak gertatutakoa gaitzetsi du X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez.
Horretan, pintadak ezabatzeko agindua eman duela eta Bingen Zupiriari elkartasuna adierazi nahi diola duela azaldu du alkateak.
"Ezabatzeko agindua eman dugu. Argi adierazi nahi dut horrelakoek ez daukatela lekurik gure herrian. Zuzenean adierazi diot gure elkartasuna Zupiria sailburuari. Udal talde politiko guztiei honen kontrako adierazpen-proposamena luzatu diet", esan du Lertxundik.
Ildo beretik, Hernaniko Udalak adierazpen instituzional bat egin du ekintza horiek "onartezintzat" jotzeko eta "udalerrian lekurik ez" dutela adierazteko.
Gainera, elkartasuna eta babesa adierazi die mehatxatutako pertsonei, eta jakinarazi du, alkateak lehenago azaldu duen bezala, pintadak berehala kentzeko agindu dutela. EH Bildu bat etorri da udalerriko udalak egindako adierazpenekin, gertatutakoa gaitzetsiz.
Erreakzioak, berehalakoak
Imanol Pradales lehendakariak irmoki salatu ditu Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Ertzaintzak jasotako "mehatxuak". Pradalesek "oso larritzat" eta "onartezintzat" hartu ditu jasotakoak eta babes osoa adierazi die "Euskadiko segurtasunaren eta bizikidetzaren alde lan egiten dutenei".
"Nire gaitzespenik irmoena Zupiria sailburuaren eta Ertzaintzaren aurka agertutako mehatxuengatik. Gertatutakoa oso larria da eta horrelako ekintzak onartezinak dira gizarte demokratiko batean. Nire babes osoa Euskadiko segurtasunaren eta bizikidetzaren alde lan egiten dutenei", adierazi du lehendakariak.
Aitor Esteban EAJko presidenteak "onartezintzat" eta "larritzat" jo du Gipuzkoako herrian gertatutakoa, eta Bingen Zupiriari babesa agertu dio.
"Guk gogor gaitzesten dugu beste garai batzuetako indarkeria- eta intolerantzia-adierazpen horiek. Gure babesa Zupiria sailburuari eta Ertzaintzari", adierazi du Estebanek.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere Hernaniko pintadak gaitzetsi ditu, eta azpimarratu du "guztion erantzukizuna" dela adierazpen horiek normalizatzen saihestea.
"Elkarbizitza eta elkarrekiko errespetua oinarrizko balioak dira gure gizartean, eta horrelako adierazpenek zuzenean erasotzen diete", azaldu du diputatuak.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak, aldiz, "errespetua" eta "babes instituzionala eta soziala" eskatu du Ertzaintzarentzat.
"Ertzainek errespetua eta babes instituzionala eta soziala merezi dute. Gure autogobernuaren, gure erakundeen eta sinesten dugun bizikidetzaren aurkako erasoa da arduradun nagusiari, hau da, hori horrela izan dadin ardura duenari mehatxu egitea, modu onartezinean ".
Bestalde, Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidenteak bat egin du pintada "mehatxatzaileak" gaitzestearekin, eta argi utzi du "heriotza-mehatxuek ez dutela lekurik gure gizartean".
"Heriotza-mehatxuek ez dute lekurik gure gizartean. Isiltzen denak baimentzen du. Justifikatzen duenak parte hartzen du. Nahikoa da!", amaitu du mezua Larreak.
Azkenik, EUSPEL Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren sindikatuak "koldartzat" jo ditu Hernaniko pintaketak, eta gertaera horiek gertatzea deitoratu du.
"Ez da Hernani herrian agertzen diren lehen aldia (pintaketak), eta tamalez ez da azkena izango. Hernaniko Udalak gaitzestea espero dugu, eta baita garbiketa lanak burutzea".
Zure interesekoa izan daiteke
Egian migratzaile bati egindako erasoa gaitzetsi du Insaustik eta "motibazio arrazista" dagoen ikertzen ari direla esan du
Jon Insausti Donostiako alkateak gaur azpimarratu duenez, larria da pasa den astean Egia auzoan migratzaile bati egin zioten erasoa, eta gorrotoak hirian lekurik ez duela berretsi du. Biktima gizarte zerbitzuen sistemaren baitan zegoen, eta gaueko zerbitzuen eta "Otorduak" programaren erabiltzailea da.
Aburtok akordioak defendatu ditu eta "politika onaren alde" egin du
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketan, akordioetan, zerbitzu publikoan eta bizikidetzan oinarritutako politika aldarrikatu du, Udalaren Egoerari buruzko azken osoko bilkuran.
Ubarretxenak azpimarratu du ez dela aldebiko batzordea elkartuko akordio garrantzitsurik lortu ezean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, Jaurlaritzak "ez du amore emango", baina akordioak lortu ahal izateko "beste aldeak borondate politikoa erakutsi behar du".
Chivitek hauteskunde kutsua ikusi dio Geroa Bairi, Belateko lanen bileratik "sartu baino kezkatuago" atera zela esan ostean
Ezustean eta harriduraz hartu ditu Nafarroako presidenteak Geroa Baik atzoko bileraren ostean egindako adierazpenak. Izan ere, Gobernuko bazkideek Belateko tunelen egoera aztertzeko bart egindako bileraren ostean, Pablo Azcona bozeramaileak "sartu baino kezkatuago" atera zela esan zuen. Azpiegituraren etorkizunari buruz esan du "oraindik ez dagoela ezer itxita".
Anduezak "seriotasuna" eta "diskrezioa" eskatu ditu Estatutu berriaren negoziazioan, "pazientziak muga bat duelako"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak pazientzia galtzeko arriskua dagoela ohartarazi die EAJ eta EH Bilduri. Ildo horretan, lehia eta ika-mikak alde batera uzteko eskatu die biei.
Aburtok Bilbon egindako ibilbidea aldarrikatu du, eta akordioetan oinarritutako politika defendatu: "Denak ez du balio"
Alkateak hiru agintaldien balantzea egin du, eta elkarrizketan, elkarbizitzan eta herritarren zerbitzura jardutean oinarritutako politika aldarrikatu du. "Pertsona ona izan nintzela gogoan izatea gustatuko litzaidake», esan du.
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera Confebaskekin, Adimen Artifizialaren moteltzea eta Zinemaldia ate joka
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gazte batzuek Felipe VI .a erregearen irudi bati burua moztu ziotela eta
Gertakariak igandean jazo ziren, Ernaik faxismoaren kontra deitutako martxan. Donostiako alkateak eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekintzok gaitzetsi dituzte.
Anduezak, estatutu berriaz: "Adostu beharrekoa Konstituzioaren barruan egongo da"
Halaber, jeltzaleei beste abisu bat ere helarazi die: EH Bildurekin hizkuntza eskakizunen inguruan akordioa sinatzea "oso larria" izan zela eta halako "leialtasuna eza" ezin dela errepikatu esan die.
PSOEk irabaziko lituzke hauteskunde orokorrak CIS inkestaren arabera, Ceutako krisiaren ostean bi puntu jaitsi arren
Iraileko CIS inkestak aurreikusi du PSOEk botoen % 31 lortuko lukeela, PPk % 25,5 eta Voxek % 16,6. Alderdi Popularrak lau hamarren egingo luke behera; ultraeskuinak, berriz, 1,3 puntu gora. Halaber, EH Bildu EAJren aurretik geldituko litzateke, hurrenez hurren, botoen % 1,3 eta 0,7 lortuta.