GBBk ostiral honetan jakinaraziko du ofizialki Eneko Goiaren erreleboa nork hartuko duen
Jon Insausti izango da Donostiako alkate berria. Bihar jakinaraziko du ofizialki EAJren Gipuzkoako Buru Batzarrak erabakia, gaur arratsaldean hiriko batzoki guztiak jakinaren gainean utzi eta gero. 11:00etan egingo dute aurkezpen ekitaldia, Udalean bertan.
Eneko Goiak goizean iragarri du urriaren 16an kargua utziko duela, Politika Orokorreko Osoko Bilkura amaituta. Azaldu duenez, "aspaldian hartutako erabakia da, ona baita hasiera eta amaiera duten zikloak egotea". Adierazi du erabakia "gauzak ikusteko" duen "moduarekin eta hiriarentzat onena" iruditzen zaionarekin lotuta dago.
Alkateak azpimarratu duenez, "hamar urte oso biziak" izan dira, eta garrantzitsuena "hiri proiektua" dela, "eta hori oso esku onetan geratzen da". "Beti izan dut buruan 10 urteko muga", gaineratu du.
Baieztapen ofizialaren faltan, Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak hartuko du Goiak utzitako tokia. Halaber, itxura guztien arabera, hura izango da EAJren Donostiarako alkategaia 2027ko udal hauteskundeetan.