Indarkeriak ez duela lekurik gazteei transmititzeko beharra nabarmendu du Pradales lehendakariak
Memoriaren Egunaren harira Gogora Institutuak antolatutako ekitaldian, "akatsak ez errepikatzeko" iraganetik ikasi behar dela azpimarratu du lehendakariak. Halaber, ohartarazi du demokrazia eta giza eskubideak ez daudela ziurtatuta.
Terrorismoaren "garai ilunak" eta Poliziaren indarkeria ezagutu ez dituzten gazteei mezu garbia eman nahi izan die Imanol Pradales lehendakariak. "Indarkeriak ez du lekurik gure gizartean eta sufrimendu amaigabea baino ez du eragiten", azpimarratu du.
Memoriaren Egunaren harira Gogora Institutuak antolatutako ekitaldian, gazteak eta indarkeria hizpide izan ditu lehendakariak. Horren esanetan, garrantzitsua da gazteak indarkeria alboratzearen garrantziaz jabetzea: "Demokrazia eta giza eskubideak ez daude bermatuta, eta iraganetik ikasi behar dugu akatsak ez errepikatzeko".
"Euskadin azken hilabeteetan gertatutako batzuk errepasatzea nahikoa da egiaztatzeko oraindik ere bide luzea eta atzera egiteko arriskua dagoela", ohartarazi du Pradales lehendakariak. "Muturreko jarreren eta populismoen aurrean, eta indarkeriara jo gabe, demokraziak baliabideak" badituela uste du lehendakariak.
Testuinguru horretan, lehendakariak beharrezkotzat jotzen du balio demokratikoak indartzea eta indarkeriaren eragina gogoraraztea, baita bakea defendatzeko "adorea" izan zutenena ere.
Iragana aldatzerik ez badago ere posible da indarkeria pairatu dutenen "sufrimendua arintzea" edo "ez areagotzea", jarraitu du lehendakariak: "Gure esku dago bizikidetzaren oinarriak finkatzea, indarkeriari zilegitasuna kentzea eta biktima guztiak aitortzea".
Horretarako ezinbestekoa da, lehendakariaren esanetan, "memoria egunero elikatzea" eta ariketa hori "zintzoa eta eraikitzailea" izatea, "indarkeria mota guztiek eragindako mina bidegabea dela epelkeriarik gabe onartzea".
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, bere aldetik, indarkeriaren biktimak "ahanzturaren biktima" izan ez daitezen lan egitea defendatu du.
Ekitaldian terrorismoaren (ETA, GAL eta eskuin muturreko taldeen) eta Poliziaren indarkeriaren 50 biktima baino gehiago izan dira, eta horietako hiruk (Maixabel Lasa, Amelia Machimbarrena eta Ixone Fernandez) Ainhoa Zugasti Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak zuzendutako solasaldian parte hartu dute.
Eusko Legebiltzarra
Bestalde, Eusko Legebiltzarrean EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Sumarreko legebiltzarkideek lore-eskaintza egin dute biktimei eskainitako "Gauerdiko Iparrorratza" eskulturaren aurrean. PPk eta Voxek ez dute parte hartu, horrelako ekintzek biktima mota eta indarkeria mota desberdinak "nahasten" dituztela argudiatuta.
Etxerat
Ekitaldi instituzional horren aurretik, Etxerat ETAko presoen senideen elkarteak deitutako elkarretaratzea egin da Ganberaren atarian. "Dispertsio- eta urrunketa-politikek eragindako sudrimendua eta zigor erantsiak" salatu dituzte, eta "espetxeetara egindako bidaietan hil ziren 16 euskal presoen senide eta hurbilekoen memoria kolektiboa" zabaltzeko beharra azpimarratu dute.
"Borondatea eskatzen diegu arduradun politiko zein alderdiei, memoria osoaren eta bizikidetzaren eraikuntzaren logikan urratsak ematen jarraitu ahal izateko. Borondatea eskatzen diegu esku artean dituzten erremintak erabil ditzaten sufrimendua eragiten jarraitzen duen 16 biktima hauen aitortza instituzionala irits dadin", esan du Naroa Hernandez Etxeraten eledunak.
EH Bilduko ordezkariak izan dira elkarretaratzean.
Alderdi Popularra
PPk, berriz, ekitaldi propioa antolatu du Gasteizen, terrorismoaren biktimen monumentuan. Lore-eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute bertan.
Javier de Andres Alderdi Popularrak EAEn duen presidenteak hartu du hitza, eta esan du ezin direla indarkeriak "nahastu". "Terrorismoa babestu" zutenei "aitortza etikoa exijitzea" eskatu du.
Bilkura bateratua, Donostian
Donostian, aldiz, udal talde denek hartu dute parte biktimen omenezko ekitaldian, baita PPk ere.
Jon Insausti alkatea buru zela, EAJko, PSE-EEko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko udal ordezkariak izan dira Alderdi Ederren, terrorismoaren biktimen monolitoan, egin den lore-eskaintzan.
Bilboko Udala
Era berean Bilboko Udalak ere, Bakerako eta Elkarbizitzarako Bilboko Foroarekin elkarlanean, "terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak" izan ditu gogoan.
Aurten, lekuz aldatu dute ekitaldia, eta Atalase ekultura-multzoa dagoen tokian egin dute, Guggenheim Museoaren eta Euskadi plazaren artean. Juan Mari Aburto alkateak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta bi erakundeotan ordezkaritza politikoa duten talde guztiek hartu dute parte, PPk izan ezik, agenda arazoak direla eta.
Zure interesekoa izan daiteke
Nafarroako Gobernuak larrialdiko 2. maila ezarri du eklipsea dela eta
Foru Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea ere eratu du, eta 1.165 kidek osatutako segurtasun-dispositiboa jarriko du martxan.
Ertzaintzako sindikatuek agenteen aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, bitarteko gehiago eskatuz
ErNE, Euspel eta Sipe sindikatuek salatu dutenez, polizia bati eraso egitea ezin da "normal" bihurtu. Hortaz, "babes instituzionala" eta lantaldea indartzea eskatu dute.
Bilboko aireportuak ausazko kontrolak egiten dizkie Italiatik datozen bidaiariei, gorabeherarik gabe
Neurria larunbat honetan aktibatu da, eta irailaren 7ra arte iraungo du, Italiako Gobernuak Espainiatik datozen bidaiarientzako Schengen eremua bertan behera uzteko dekretuari erantzuteko.
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.