Albiste izango dira: Abalos eta Koldo Garciak lehen gaua igaro dute espetxean, Alemaniako presidentearen bisita Gernikara eta Saretzen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Jose Luis Abalos eta Koldo García Auzitegi Gorenera iritsi zirenean. Artxiboko argazkia: EFE
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko azaroaren 28an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Abalos eta Koldo Garcia espetxean: Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiak eta Koldo Garcia haren aholkulari izandakoak lehen gaua igaro dute Soto del Realeko espetxean. Atzo, Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko epaileak bi horiek behin-behinean espetxeratzea agindu zuen, pandemia garaian Garraio Ministerioak maskarak erosterakoan legez kanpoko komisioak jaso zituztelakoan.
- Alemaniako presidentearen bisita Gernikara: Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernikan izango da gaur, 1937an Francisco Franco Espainiako diktadorearen aliatuak ziren Kondor Legio alemaniar naziak eta Italiako Abiazio Legionarioak egindako bonbardaketaren biktimei omenaldia egiteko. Steinmeierrek alemaniarrek Gernikan egindako "krimen larriak" aitortu ditu egunotan eta biktimei omenaldia egingo die gaur, Felipe VI.a Espainiako erregea eta Pradales lehendakaria alboan dituela.
- Saretzen txostena: EITBk eta TOKIKOM euskarazko tokiko hedabide sareak elkarlanean egindako Saretzen txostenak Hego Euskal Herriko errenten erradiografia egin du. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herriko 112 udalerri daude Estatuko 250 aberatsenen artean. Bestalde, Nafarroako udalerriak dira nagusi Hego Euskal Herriko errenta pertsonalaren hazkundean.