Espainiako Gobernuak "legez kontrakotzat eta baliogabetzat" jo ditu 'Txiki' eta Otaegi epaitu zituzten gerra-kontseiluak eta bien exekuzioak
Familiek eskaera egin ondoren, eta Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legea aplikatuz, Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegiren aldeko Aitorpen eta Erreparazio Pertsonaleko Adierazpena onartu du Espainiako Gobernuak, "arrazoi politikoengatik" jazarri zituztela, "bermerik gabeko" epaiketetan zigortu zituztela eta "giza eskubideen urraketen biktimak" izan zirela aitortuz.
Txiki eta Otaegiren irudiak, kartel banatan. Argazkia: Orain
Espainiako Gobernuak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegiren aldeko Aitorpen eta Erreparazio Pertsonalerako Adierazpena onartu du, eta "ilegitimotzat eta baliogabetzat" jo ditu horiek epaitu zituzten gerra-kontseiluak eta ezarri zitzaizkien heriotza-zigorrak, Juanjo Alvarez familien ordezkari legalak hedabideei zabaldutako prentsa-ohar baten arabera.
Bi biktimen familiek erreparazioa eskatu zuten 2025eko urtarrilaren 14an Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzaren aurrean. Memoria Demokratikoaren Legearen 4., 5. eta 6. artikuluetan oinarritutako agiri juridikoa landu zuen Juanjo Alvarez abokatu eta katedradunak, eta, horretan, adierazi zuen Gerra eta Diktadura garaian arrazoi politiko, ideologiko edo kontzientziakoengatik ezarritako kondenak ez direla legitimoak.
Orain, Espainiako Gobernuak onartu du Txiki eta Otaegi "arrazoi politikoengatik" jazarri zituztela, "bermerik gabeko" epaiketetan zigortu zituztela eta "giza eskubideen urraketen biktimak" izan zirela. Adierazpen ofizialak "prozesuen bidegabekeria eta arbitrariotasuna" azpimarratu ditu, eta "erreparazioak bien duintasun pertsonala eta familiarra berrezartzen eta memoria demokratikoa indartzen" lagunduko duela.
Ebazpenak 2025eko azaroaren 25eko data du, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak sinatuta.
Familiek eskerrak eman dizkiete Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzari, Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako Ministerioari eta biktimei laguntzeko taldeei, bai eta Eusko Jaurlaritzari, eta, Txiki-ren kasuan, Kataluniako Generalitateko Justizia Sailari ere bai, emandako laguntzagatik.
Imanol Pradales lehendakariak gogorarazi du 2012tik Eusko Jaurlaritzak Txiki eta Otaegi Estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu dituela, eta Espainiako Gobernuak hartu berri duen erabakiak beharrezko aitortza publikoa osatzen laguntzen duela. Gainera, lehendakari gisa "giza eskubideen urraketen biktima guztien aitortza osoa" egiteko konpromisoa duela azpimarratu du.
EH Bilduk, bere aldetik, "egia eta erreparazioa" eskatu ditu "oraindik ere Sekretu Frankisten Legeak ezarritako isiltasunaren eta zigorgabetasunaren azpian dauden kasu guztietarako".
Frankismoaren azken fusilatuak
1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, beste hiru lagunekin batera, Francisco Franco diktadorea hil baino bi hilabete eskas lehenago. Horiexek frankismoaren azken exekuzioak izan ziren.