Eusko Jaurlaritzak "larritzat" jo du Espainiako Gobernuarekin adostutako bost eskumenak gauzatzeko "bermerik ez" izatea
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak EITBri egindako adierazpenetan azaldu duenez, "borondate politikoaren kontua" da akordioa ixtea. Halakorik ez balego, "beste irakurketa bat egin beharko genuke, eta egoera ezberdinean geundeke, politikoki eta instituzionalki".
"Larria". Hala deskribatu du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, hitz bakarrarekin, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko eskumenen negoziazioaren egoera. Ostiralean, urtarrilaren 16an, da biltzekoa Tranferentzien Batzorde Mistoa, berez abenduaren 29an batzartu behar zena. Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak uztailean sinatutako bost transferentziak eskualdatzea du xede bitariko batzordeak.
Honakoak dira bilera horretan itxi beharreko transferentziak: Itsas salbamenduko eskualdaketak, Barakaldoko makineria egiaztatzeko zentroa, eskola-asegurua, Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak eta langabezia-prestazioak.
Gaur-gaurkoz, baina, bilerarako "bost egun eskas" geratzen diren honetan, "ez dago ez bermerik, ez baldintza egokirik" bi buruzagiek adostutakoa “hitzez hitz” betetzeko. Hala, larritasun deia egin nahi izan du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu ere badenak EITBri eskainitako elkarrizketa batean. Abenduan "kezka" adierazi zuen Pradalesen gobernuak, eta orduko hartan bilera egiteko “beharrezko baldintzak” ez zeudela nabarmendu zuen Jaurlaritzak.
Antzeko mezua eman du gaur Bengoetxeak. "Gauzak ez dira aldatu", ohartarazi du. Horren iritzian, "ez da serioa, ezta onargarria ere". Dena dela, gaineratu du Jaurlaritzak "lanean" jarraituko duela "etengabe" Gizarte Segurantzaren alorrean sortutako "korapiloak" askatzeko, baita beste lau eskumenetako "korapilotxoak" konpontzeko ere.
Lehendakariordeak ez du uste Espainiako Gobernuaren aldetik "asmo txarra" dagoenik, eta Sanchezek dituen "fronte ugariei" egotzi die ataka honetan egotea. Nolanahi ere, "konpromiso politikoarekin" dena konpon daitekeela gaineratu du. "Ez dago aitzakiarik horrela jokatzeko", argudiatu du.
Hala, Batzordea "bermeekin" egiteko baldintzarik ez balego, ohartarazpena egin du Bengoetxeak: "Beste egoera politiko eta instituzional batean geundeke". Ez du argitu, ordea, zein agertoki litzatekeen hori. "Ez gara gobernu espekulatzailea", erantsi du.
Azkenik, iragarri du Gernikako Estatutuaren "betetze maila eta ez-betetzea" aztertzeko balorazio batzorde bat osatuko dutela urtarrilean.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik