EH Bilduk eta EAJk Adamuzeko istripua argitzea eskatu dute, herritarrek trenbide sarean konfiantza izan dezaten
Tren-istripuei buruzko azalpenak emateko, agerraldia egin du gaur Sanchezek Kongresuan, eta, ohi bezala, estu hartu du Feijoo oposizioburuak. Ohartarazi dio "auzipetuen aulkian" eseriko dela Gobernua.
Urteko lehen osoko bilkura hartu du Espainiako Diputatuen Kongresuak, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du, berak hala eskatuta, trenbide-istripuei buruzko azalpenak emateko. Agindu du "beharrezko neurri guztiak" hartuko dituela ezbeharra argitzeko, eta Estatuak azkar erantzun zuela defendatu du.
Goizeko saioan, gai horrek hartu du toki handien eztabaidan. Hala, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak Kongresuan trenbide ereduari buruzko "gogoeta sakona eta integrala" egitea eskatzearekin batera, Adamuzeko ezbeharraren ingurukoak argitzea ere ezinbestekotzat jo du, herritarrek garraio mota hori "konfiantza osoz" erabiltzen jarrai dezaten.
Bere hitzaldian, koalizio subiranistaren ordezkariak "legealdiaren norabidea aldatzea" eta "konplexurik gabe, erasora igarotzea" galdegin dio Sanchezi, PP eta Vox alderdiei aurre egiteko, "politika sozial, ekonomiko eta laboraletan sakonduz". Azpimarratu du Gobernu aurrerakoien egitekoa ez dela eskuineko alderdiei "ezkerreko politikak" onartu behar dituztela ulertaraztea.
Aizpuruaren arabera, "eskuin muturra badatorrela esatea" jada ez da nahikoa, eta "ekintzak" behar dira, "helburu garbi batekin".
EAJk arazoa "eufemismorik gabe" onartzea eskatu du
Bere aldetik, Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen eledunak Sanchezi esan dio "eufemismorik gabe" aitortu dezala trenbide-sarean dagoen arazoa. "Alarmismoan erori gabe", zehaztu du.
Diputatu jeltzaleak uste du hori dela lehen urratsa, herritarrek tren-garraioan "konfiantza izan dezaten berriz". Ez du ontzat eman Adamuzeko istripuari buruzko ikerketa-batzordea osatzea, ez, behintzat, tren istripuak ikertzeaz arduratzen den CIAF erakundeak behin betiko txostena mahai gainean jarri arte. "Zuhurrena eta objektiboena txostenaren ondorioen zain egotea da", azaldu du.
Era berean, azpimarratu du sarritan herritarren hain gustukoak ez diren erabakiak hartzea ere badela arduradun politikoen lana, eta zentzu horretan, hobarien eta deskontuen inguruko hausnarketa eskatu du. "Hau da, lehentasunak ordenatu, eta zenbait diru-partida azpiegituren mantenura bideratu".
Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteari ere zuzendu zaio Vaquero, eta hauteskundeen emaitzak "ondo irakurtzea" gomendatu dio, bere estrategiak "eskuinera" duen alderdi bati egiten diolako mesede.
Feijoo, Sanchezi: "Auzipetuen aulkian eseriko da Gobernua"
Aurreikusita bezala, tentsio handiko eztabaida-saioa izan da Kongresukoa. Sanchezen agerraldiaren ondoren, Feijooren txanda izan da eta hitza hartu orduko jo du erasora. Adamuzeko ezbeharraren harira, Sanchezi ohartarazi dio "auzipetuen aulkian" eseriko dela Gobernua.
PPren buruaren arabera, Espainiako Exekutiboaren "etengabeko arduragabekeriaren" ondorio izan zen tren-istripua. Horregatik, uste du Sanchezek eta Oscar Puente Garraio ministroak "berehala dimititu" behar dutela. "Ekidin zitekeen istripua izan zen, ez aurreikusi ezin zen hondamendia".
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik