BILBOKO UDALA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mikel Hidalgo izendatu dute Bilboko alkatetzarako EAJren hautagai, eta oinarrien esku geratu da berrespena

33 urte ditu eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da. Imanol Pradalesen Lehendakaritzako kide da gaur egun. Hain zuzen ere, Nazio Batuen 2030 Agenda Euskadin aplikatzeko arduradunetako bat da.

Mikel Hidalgo Bilboko EAJ

Mikel Hidalgo EAJren ekitaldi baten bideotik ateratako irudian.

Mikel Hidalgo Bordegarai da Bilboko EAJk proposatutako izena Juan Mari Aburto ordezkatzeko, hark 2027ko udal eta foru hauteskundeetan ez dela zerrendaburu izango iragarri ondoren.

EAJk Bilboko batzarren arteko bilera izan du gaur erabakia hartzeko, 19:00etan hasita. Bizkai Buru Batzarrak Hidalgo proposatu du kargurako eta bilera horretako ordezkariek aho batez berretsi dute izendapena.

Orain, oinarriei kontsulta egingo zaie erabakia berretsi dezaten.

Hidalgo Eusko Alderdi Jeltzaleko afiliatua da eta EAJ-PNVren Bizkaiko Exekutibako kidea ere bai.

Iazko urte amaieratik EAJk Bilboren etorkizunaren oinarriak ezartzeko garatu duen Bilbao 2040 hausnarketa prozesuaren arduradun izan da. Prozesu horretan, hiriburuko politika, gizarte, kultura, kirol eta ekonomia arloei lotutako hainbat pertsonak parte hartu dute.

EAJk adierazi duenez, “2027ko maiatzeko udal hauteskundeak duela bi urte EAJk abian jarritako berrikuntza prozesuaren baitan ikusten ditugu. Prozesu horren ondorioz, pixkanaka pertsona eta talde berriak sartzen ari dira ordezkaritza politikoaren eta instituzionalaren eremuetan”.

Alderdi jeltzalearen ustez, “lidergo oso sendo batekin, talka garrantzitsurik gabeko gobernu-koalizioarekin, betetzen ari den programa batekin eta hiriaren etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuak buruan izanda” iritsi dira hauteskunde-hitzordura, eta berrikuntza honekin “etorkizuneko proiektu berri bati jarraipena eta lidergoa eman dakiokeela” uste dute.

Horregatik, “belaunaldi berri bati bide ematea” erabaki dutela azaldu du EAJk: “Alde batetik, EAJren ibilbide historikoa jasoko duena; eta, bestetik, belaunaldi berri baten nahiak, eskaerak eta beharrak ordezkatu eta horiei erantzungo diena. Bereziki 30 eta 50 urte bitarteko pertsonak, gizarte berriaren aniztasuna, familia eredu garaikideak eta harreman sozialen sareak sinbolizatzen dituztenak”. 33 urte ditu, hain zuzen ere, Mikel Hidalgok.

Bizkai Buru Batzarreko kidea. EAJren webgunetik ateratako argazkia.

Mikel Hidalgoren argazkia, EAJren BBBren orritik hartua.

Nor da Mikel Hidalgo?

1993an jaioa, Bilbon bizi da. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da Deustuko Unibertsitatean, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten du.

PwC-n (Pricewaterhouse Coopers) hasi zuen bere ibilbide profesionala, finantza-auditore gisa. Ondoren, Seed Capitalen hasi zen lanean, inbertsioen eta kudeaketa-zorroen analista gisa.

2022tik Eusko Jaurlaritzari lotuta dago. Lehendakaritzan lan egin du, Iñigo Urkullu lehendakariarekin lehenik eta Imanol Pradales lehendakariarekin gaur egun, Nazio Batuen 2030 Agenda Euskadin aplikatzeko arduradunetako bat izanik.

Hain zuzen ere, Bilbon 2030eko Tokiko Koalizioaren Idazkaritza irekitzeko prozesuan parte hartu zuen. Bulego horretan koordinatzen da agenda hori munduan maila lokalean ezartzea, eta Nazio Batuen lehen bulegoa da Euskadin.

NBEk New Yorken duen High Level Political Forumean Euskadiren ordezkari gisa parte hartu du, garapen jasangarriaren euskal eredua eta 2030 Agenda Euskadin nola aplikatzen ari den defendatuz. Era berean, Eusko Jaurlaritza ordezkatu du 2030 Agendaren nazioarteko topaketetan, Estatu Batuetan, Egipton edota Brasilen.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X