AUZITEGIAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Peinado epaileak pieza berri bat ireki du Begoña Gomez auzian, eta beste bi delitu egotzi dizkio Sanchezen emazteari

Sumarioaren zati nagusiari buruzko atariko entzunaldia astelehenean egin zuen magistratuak, eta pieza berri bat zabaltzea erabaki du orain, prebarikazioa eta EBri iruzur egitea egotzita.

begoña-gomez-esposa-pedro-sanchez comparecencia asamblea madrid-efe

Begoña Gomez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Begoña Gomezen aurkako auzian pieza berri bat zabaldu du Juan Carlos Peinado epaileak, eta beste bi delitu egotzi dizkio Pedro Sanchez Espainiako presidentearen emazteari. Juan Carlos Barrabes enpresaburuari Europako Fiskaltzak irekitako ikerketa abiapuntu hartuta, prebarikazioa eta Europar Batasunari iruzurra egin izana dira orain leporatu dizkion delituak. 

Guardia Zibilaren UCO unitateak esleipen baten inguruan egindako txostena da Europako Fiskaltza ikertzen ari dena. Gomezek orain hilabete batzuk eman zituen gai horren inguruko azalpenak, lekuko gisa. 

Gaur jakinarazitako erabakian, Peinadok aparteko ikerketa-lerro bat abiatu duela jakinarazi du, Europak igorritako dokumentazioa ikertzeko, eta Madrilgo Fiskaltzari eskatu dio txostenean jasotako gertakarien atzean lege-urraketarik dagoen argitzeko. 

Nolanahi ere, Auzitegi Nazionalak auto batean ebatzi zuen Barrabesen inguruko txostena ikertu behar den edo ez erabakitzea ez dagokiola Europako Fiskaltzari, Madrilgo 41. Instrukzio Epaitegiari baizik. 

Begoña Gomezen agerraldia

Astelehenean egin zuen Peinadok Begoña Gomez auziaren sumarioren zati nagusiko atariko entzunaldia, Madrilgo Gaztela Plazako epaitegietan. Ustezko lau delituren inguruan eman zituen azalpenak: eraginen trafikoa, ustelkeria negozioetan, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta bidegabeko jabetzea. 

Defentsak eta Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu zuten.

Aitzitik, Hazte Oir erakundeak koordinatzen dituen herri-akusazioek euren akusazioak berretsi eta kautelazko neurri ugari eskatu zituzte: pasaportea kentzea, Espainiatik irteteko debekua ezartzea eta 15 egunean behin epaitegian agertzeko betebeharra ezartzea.

Baliteke Peinadok gaur bertan ezagutaraztea erabakia.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X