Zapateroren eta haren alaben eta idazkariaren kontuei buruzko informazioa eskatu die banketxeei Calama epaileak
Auto batean, Plus Ultra auziaren ardura duen magistratuak dio zantzuak daudela esateko Espainiako Gobernuko presidente ohiak "egitura antolatu bat" zuzentzen zuela, bezero jakin batzuei mesede egiteko, legez kanpoko jardueren bidez.
Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiaren, haren bi alaben eta Maria Gertrudis Alcazar idazkariaren diru-kontuei buruzko informazioa nahi du. Hala, baimena eman du Polizia Nazionalaren Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitateak (UDEF) banketxeei informazio guztia eskatzeko.
Plus Ultra auzia zuzentzen ari den magistratuak kaleratutako autoaren arabera, 2020ko urtarrilaren 1etik hamar bat banketxetan irekita dauden kontuetako mugimenduak eskatu dizkio poliziari.
UDEFek helarazitako azken txostena jaso ondotik hartu du erabakia Calamak. Poliziak uste du ehunka milaka eurotako transferentziak egon daitezkeela banketxeen artean, Zapateroren eta bere gertukoen mesedetan. Eraginen trafikoa delituaren zantzuak ikusi dituzte.
Besteak beste, Getrudis Alcazarrek 2021ean Madrilen erositako etxebizitza bat aipatu dute ikertzaileek. 132.055 ordaindu zituen, mailegurik eskatu gabe, 2021 eta 2023 artean hainbat transferentzia eginez.
Calamak dio zantzuak daudela esateko Espainiako Gobernuko presidente ohiak "egitura antolatu bat" zuzentzen zuela, bezero jakin batzuei mesede egiteko, legez kanpoko jardueren bidez.
Zure interesekoa izan daiteke