Ez dute berehala Soleko kanpaldia hustuko, Justiziak Ayusoren eskaria baztertu ostean
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Madrilgo Erkidegoko Gobernuak eskatutako kautelazko neurriak. Gainera, Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariari eskatu dio asteazkenerako (09:00ak aurretik), alegazioak eta arrazoiak azalduz idatzi bat aurkezteko.
Soleko kanpaldia, Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJM) baztertu egin du etxebizitza eskubidearen alde Sol plazan egiten ari diren kanpaldia berehala husteko eskatzea Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak pasa den astean egindako eskariari erantzunez.
Astelehen honetan emandako autoan jakinarazi duenez, "premia bereziko inguruabarrak" egon arren, ezin da erabakirik hartu "Estatuko Administrazio Orokorra entzun gabe".
Gaiaren mamiari heldu gabe, auzitegiak kontuan hartu du kanpaldian parte hartzen ari diren pertsonen "biltzeko eskubidea" eta hustutze aginduak izan dezakeen eragina, are gehiago, indarra erabiliko balitz.
Magistratuen ustez, hustutzerakoan "pertsonak fisikoki derrigortzeko" aukera "benetakoa" denez, aurretik beharrezkoa da Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren iritzia ezagutzea. Halaber, asteazkenera arteko epea eman dio, 09:00ak arte, alegazioak eta arrazoiak aurkezteko.
Madrilgo Erkidegoak epaitegietara jo zuen pasa den astean, Espainiako Gobernuari Soleko kanpalekua husteko emandako 48 orduko epea amaitu baino ordu batzuk lehenago.
Espainiako Gobernuaren ordezkariak erantzun zion kanpaldiak "ordenamendu juridikoa erabat errespetatzen" duela.